Zakela kultur elkartean izango dira hitzaldiak. (Ihintza Elustondo)
Benetan ai al gea? Hau ez tao onartzeik! hitzaldi zikloa hasiko da gaur Azkoitian. Zakela kultur elkarteak antolatu du, eta otsailaren 7ra bitartean, lau saio izango dira. Igor Meltxor, Aimar Uribesalgo eta Ahoztar Zelaieta aditu eta kazetariak izango dira hizlariak, eta, besteak beste, ikerketa kazetaritzaz, iruzur fiskalaz eta errefuxiatuen aferaz hitz egingo dute. Saio guztiak Zakelan bertan izango dira, astearteetan, 19:00etan.
Zakelan hainbat jarduera egin ohi dituzte, baita hitzaldiak ere, baina lehen aldiz antolatu dute hitzaldi ziklo bat. "Kultur elkarte bezala gauza dezente antolatzen ditugu, baina, batez ere, ikus-entzunezkoak, musika, artea... Pentsatu genuen gorputza astintzea ondo dagoela, baina burua ere pixka bat astindu behar dela", adierazi du Miel Rodriguez Zakela kultur elkarteko kideak. Hain justu, asmo horrekin jarri dute martxan zikloa.
Solasaldiek batak bestearekin ez dute zerikusirik, baina guztiek agertuko dute egungo gizartearekiko ikuspegi kritikoa. "Hainbeste gauza ari dira gertatzen, eta zerbaitetan behintzat sakondu baldin badezakagu... Eztabaida sortzea eta iritziak eraikitzea lortu nahi dugu".
Saioek duten arrakastaren arabera erabakiko dute zikloak jarraipena izango duen edo ez: "Ez dakit urtero antolatuko dugun, sei hilabetero... Ziklo honek duen erantzunak markatuko du etorkizuna". Rodriguezen arabera, 50 lagun ingururentzako lekua dago tabernan.
Hitzaldietan elkartzen den jendeak beste zerbait antolatzea nahiko balu, Zakela kultur elkartea prest agertu da jendearen interesei erantzuteko.
-
Urtarrilak 17, asteartea.
Giza historia ikuspuntu energetikotik, Aimar Uribesalgorekin.
-
Urtarrilak 24, asteartea.
Ikerketa kazetaritza; bidegi, errauskailua… hitzaldia, Igor Meltxorrekin.
- Urtarrilak 31, asteartea. Evasores morosos y millonarios vascos hitzaldia, Ahoztar Zelaietarekin.
- Otsailak 7, asteartea. Errefuxiatuei laguntzera joan eta geopolitikaren txotxongilo bihurtu hitzaldia, Aimar Uribesalgorekin.