Kaleko edana eta drogen kontsumoa sahiesteko neurriak zorroztuko ditu Azkoitiko Udaltzaingoak

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 30a

Urte Zahar gauean abiatuko dute protokoloa, eta Udaltzaingoak talde bat antolatu du larunbat gauetatik igande goizaldeetara arte "normaltasuna bermatzeko". Bestalde, Urte Zahar gauean bota ohi diren objektu piroteknikoen arriskuaz ohartarazi eta horien erabilera galarazita dagoela gogorarazi du udalak.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, adin txikikoen alkohol eta droga kontsumoa sahiesteko zaintza eta kontrola areagotuko ditu Udaltzaingoak. Urte Zahar gauean abiatuko dute protokoloa, eta Udaltzaingoak talde bat antolatu du larunbat gauetatik igande goizaldeetara arte "normaltasuna bermatzeko". Udalak jakinarazi duenez, neurri berria da botiloiaren kontrola, eta kalean alkohola kontsumitzen ari diren adin txikikoak identifikatzen badituzte, haien etxekoei edo tutoreei jakinaraziko diete gertatutakoa. Udalak esan du erabakia "irmoa" dela, horixe baita seme-alaba nerabeak dituzten gurasoen "kezka nagusia". "Udala horren jakitun da, eta guztiz partekatzen du kezka". Horregatik, udalak lan ildo bat jarri du martxan adin txikikoei drogek eta alkoholak eta gizalegezkoak ez diren jokabideek eragiten dituzten ondorioak arintzeko. Hala, Udaltzaingoa eta Ertzaintza "etengabeko" lankidetzan ari direla gogorazi du udalak. Kontrola areagotzeaz gain, gune publikoen erabilerari lotutako ordenantza bat egiten ari dela adierazi du Azkoitiko Udalak: "Tabernen ordutegia arrazionalizatzeko proposatzen bat ere ari gara lantzen". Udalak herritarren kolaborazioa eskatu du, herrian "errespetua eta bizikidetza" sustatzeko. Bestalde, Urte Zahar gauean bota ohi diren objektu piroteknikoen arriskuaz ohartarazi eta horien erabilera galarazita dagoela gogorarazi du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide