Akordioa itxi dute Sidenorrek eta sindikatuek lanaren erregulazioa lantegi guztietan gauzatzeko

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 8a

UGT, CCOO, LSB eta CSI sindikatuek eman diote oniritzia Sidenorren Lana Erregulatzeko Txostenari. Azkoitian %62 murriztuko dituzte lan orduak. Soldataren %90a jasoko dute lanaldi murriztua duten langileek.

Azkoitiko lantegiaren ataria. (Ana Abarisketa) Duela hamar egun hasi zituzten Sidenor enpresako zuzendaritzak eta haren lantegietan ordezkaritza duten sindikatuek Lana Erregulatzeko Txostena (LET) negoziatzeko bilerak, eta gaur, osteguna, sinatu dute akordioa. Azkenean, Sidenor taldearen lantegi guztietan, Azkoitikoa barne, gauzatuko da erregulazioa 2017 eta 2018 urteetan, eta hainbat malgutasun neurri jarriko dituzte martxan. UGT, CCOO, LSB eta CSI sindikatuek (ordezkaritzaren %76a) onartu dituzte neurriak, eta LAB, ELA eta ESK sindikatuek ez dute sinatu akordioa. Beraz, enpresak proposatu bezala, Azkoitiko lantegirako lan orduak %62 murriztuko dituzte, beti ere, lantegian duten lan kargaren arabera. Akordioa ixteko gakoa izan da langile guztiak beren soldataren %90a jasotzera iritsiko direla, langabezia osagarriari esker. Orain arte, enpresako zuzendaritzak %75era iristea eskaintzen zuen, eta hori aldatzea lortu dute sindikatuek. Hori horrela, soldataren %90a eta oporraldiaren eta aparteko pagen %100a jasoko dute lanaldi murriztuan dauden langileek. Horrez gain, hainbat neurri hartuko dituzte: besteak beste, lan egutegi aldaketak egin ahalko ditu enpresak, abisu epea murriztuta; oporraldia zatituko zaie langileei, eta egun kopuru jakin bat bakarrik hartu ahal izango dute uztailetik irailera; oporraldia aldatu ahalko die enpresak, 60 eguneko lehenago abisatuta; langile bakoitzak 24 orduko derrigorrezko prestakuntza egin beharko du lanorduetatik kanpo; eta mugikortasun funtzionala aldatuko da. ELA, LAB eta ESK aurka LABen ustez Sidenorreko zuzendaritzak "hasieratik nahi zuen guztia" lortu du: "Langileen lan balditzak nabarmen kaltetuko dituen akordioa eta aldi baterako LETa". Beraien ustez, "enpresarentzat negozio borobila" eta "langileentzat desastre hutsa" da akordioa. Horren erantzule, UGT, CCOO eta USO sindikatuak direla azaldu du, eta horiek "Sidenorri nahi zuen guztia oparitu" diela esan du, "ezer borrokatu gabe eta langileen iritzia kontuan hartu gabe". Horrez gain, LABek eta ELAk salatu dute Sidenorrek eta akordioa sinatu duten sindikatuek "xantaia" egin dietela. "Adostutako neurriak onartu ezean, LETaren baldintzak are okerragoak" izango direla ohartarazi dituzte ordezkari sindikalak. LABen hitzetan, "xantaia" horren helburua argia da: "Langileak beldurtzea, desaktibatzea eta haiek adostutakoari men egitea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide