Azkoitiko lantegiaren ataria. (Ana Abarisketa)
Herenegun abiatu zituzten Sidenor enpresako zuzendaritzak eta haren lantegietan ordezkaritza duten sindikatuek enpresak bi urterako aurkeztu duen Lana Erregulatzeko Txostena (LET) negoziatzeko bilerak. Enpresak fabrika guztietatarako aurkeztu du erregulazio txostena; baita Azkoitiko lantegirako ere. Han
lan orduak %62 murriztea proposatu du enpresak. Gainera, hainbat neurri ere ezarri nahi dituzte: malgutasunezko 80 ordu, lanpostuak aldatzea, langileak lantegi batetik bestera lekualdatzeko aukera, oporren zatiketa...
Horiek guztiak mahaigaineratu zizkien astelehenean enpresako zuzendaritzak sindikatuei, eta ELAk eta LABek esan dute ez daudela ados erregulazio neurriekin. ELAren arabera, negoziazio prozesuaren helburu nagusia da "lan baldintzak kaxkartzea", eta ez "erregulazio txostena negoziatzea". "Murrizketak eta lan eskubide galerak proposatu dituzte. Enpresak jarri dituen baldintzak negoziatzea onartzen badugu, atzera eramango gaituzten akordioak erdietsi beharko ditugu". Sindikatuko kideen aburuz, "LETaren negoziazioak ez luke aldatu behar hitzarmen kolektiboa". "ELAk argi utzi zuen asteleheneko bileran prozesu honen helburua hitzarmen kolektiboak aldatzea dela, eta prozesu hori irregularra eta salagarria da", azaldu dute sindikatuko kideek. Horrez gain, adierazi dute Sidenorren "fabriken etorkizuna bermatzeaz" hitz egin behar dela: "Lana bermatu eta lan baldintzak hobetu behar dira. ELAren ustez lana egokitzeko planik onena da laneko klima hobetzea, langileak errespetatzea eta haien etorkizuna bermatzea".
LABeko kideek esan dute erregulazioak "malgutasun osoa" dakarrela enpresarentzat. Gainera, salatu dute LET ezartzeko "ezohiko" azkartasuna erakutsi duela enpresak: "Ez da ulergarria ehunka orritako dokumentazioa jaso eta negoziazioak ja hastea". Horrez gain, esan dute ez dagoela "inolako arrazoirik" erregulazioa egiteko, "Euskal Herriko lantoki gehienak jardueraren %100 egiten ari direnean". LABek dio txostena ez dagoela arrazoituta eta "ezinezkoa" dela hori ezartzea. Horregatik, Lana Erregulatzeko Txostena "bertan behera uztea" exijitu diote enpresaren zuzendaritzari, eta langile batzorde bakoitzari eman beharreko "informazioa eta datuak" helarazteko epea ireki dezala galdegin dio, "horren arabera hartu beharreko neurriak hartzeko".
Enpresak proposamena baztertu du. LABek azaldu du erabaki horrek ez dituela "harritu", bai, ordea, UGT, CCOO eta USO sindikatuen jarrerak. Sindikatu horiek ez dutelako inongo oztoporik jarri eta, "EEEa negoziatzeko mahaiaren eraketa erraztu" diotela enpresari uste du LABek. Sidenorreko langileek Lanerako Egokitzapen Plan gutxiago eta industria plan gehiago behar dutela salatu dute: "Ez ditugu ezagutzen zeintzuk diren Sidenorreko planak beren lantokietarako, zeintzuk izango diren beren inbertsioak, aurrerantzean egin beharreko produktuak, euren apustuak... . Ez dago eskubiderik egin digutena egiteko; Sidenorreko zuzendaritza berriak huts egin digu. Gaurdanik badakigu zein asmo dituen langileekin, baina ez ditugu ezagutzen enpresarako dituen planak. Agian instituzioei kontatuko dizkiete, langileei, ez, ordea".
LABek Sidenorreko zuzendaritza berriari Sidenorreko Euskal Herriko lantokietarako enplegua eta etorkizuna bermatuko dituen industria plan bat aurkez dezala exijitu dio, "enplegua eta etorkizuna bermatuko dituen plana".