Txalkor txistulari elkarteko kideak, igandean kalejiran. (Nerea Uranga)
Danbor zalapartarekin abiatu zituzten San Andres jaiak asteburuan, Azkoitian. Giro ezin hobea nagusitu zen larunbat gauez herriko kaleetan, eta behin martxa hartuta, datozen egunetan ere izango da zertaz gozatu. Bihar San Andres eguna dute, eta indartsu dator eguna.
Ohi bezala, baserritar jantziak soinean dituztela aterako dira herritarrak kalera. Goizean goiz hasiko dira txistulariak eta trikitilariak giroa alaitzen, eta taloa eta txistorra dastatzeko aukera izango da plazan, egun osoan zehar. Artista sena dutenentzat, berriz, marrazki eta buztin modelaketa lehiaketa izango da goizean, eta, arratsaldean, sariak banatuko dituzte. Eguerdian, herri kirol jaialdia jokatuko dute plazan, eta, arratsaldean, batukada feminista entzun ahal izango da herriko kaleetan.
Aurtengo festetan, gainera, aitortza berezia jasoko du herriko talde batek. Txalkor txistulari taldeak 25 urte bete ditu, eta, urteurren hori ospatzeko, omenaldia egingo diote taldeari, udaletxeko areto nagusian, 12:00etan hasita. Mende laurdena darama udaleko txistulari talde ofiziala izaten, eta egindako lan guztia eskertu nahi diote.
Egitaraua
Bihar, San Andres eguna
Egun osoan zehar. Taloak, txistorra... herriko plazan.
09:30. Herriko dultzaineroen eta trikitilarien kalejira.
10:00. Txuri Urdin elkarteak antolatuta, Marrazki eta Buztin Modelaketa lehiaketa.
11:00. Trikitilarien kalejira.
11:30. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
12:00. Txalkor txistulari taldeari omenaldia, udaletxean.
12:30. Herri kirol jaialdia, herriko plazan.
– Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Joseba Otaegi.
– Harrijasotzaileak: Martin Mendizabal, Xabier Lizarralde eta Goenatxo III.a.
16:30. Marrazki eta Buztin Modelaketa lehiaketako sari banaketa, herriko plazan.
17:00. Azkoitiko Pilota Eskola elkarteak antolatuta, Kontzejupe Sariaren azken partidak, Kontzejupean.
17:30. Batukada Feminista, herriko kaleetan.
22:00. San Andres Idi Dema saria, Gurea pilotalekuan.
-Partaideak: Txokolate, P. Illarreta eta R. Alegria.
Abenduak 2, ostirala
22:00. San Andres Idi Dema saria, Gurea pilotalekuan.
-Partaideak: Arzadun, Matxain, T. Goieta, Kamiñoko jatetxea.
Abenduak 4, igandea
10:00. Anaitasuna Kakute Xake elkartearen eskutik, San Andres torneoa, Elkargunean.
Abenduak 5, astelehena
22:00. San Andres Idi Dema saria, Gurea pilotalekuan.
-Partaideak: Korta, Oliden, I.Lopategi eta Muguruza.