Joxemari Iriondo: "Trikiti klasikoaren eta egungo eskolen arteko zubia egin du Lajak"

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 24a

(Onintza Lete) Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944) trikitilariaren bizitza biltzen duen Laja, trikitixaren zubia liburu-diskoa argitaratu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Joxemari Iriondo (Azpeitia, 1938) arduratu da lana idazteaz, eta "ohore handia" izan dela adierazi du. Nolatan animatu zara liburua idaztera? Laja aspaldi ezagutu nuen, eta bere inguruko material asko nuen esku artean. Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek esan zidaten Laja erretiratzera zihoala, eta zerbait egin zahi ziotela. Orduan galdetu zidaten ea egingo al nuen liburua. Lajari komentatu omen zioten liburu bat egitekoak zirela, eta hark esan omen zuen: "Gustatuko litzaidake Joxemari Iriondok egitea". Niretzako ohore handia da hori. Lehen hitzetik baietza eman nien, eta gustuz, gainera. Liburu-diskoa da argitaratu duzuena. Bi atal ditu? Alde batetik, disko bat osatu dute, Lajaren grabazioekin; oso disko polita da. Eta, bestetik, bere biografia jasotzen duen liburua, umetatik hasita. Aipatzen dut zer duen Azkoitiak hainbeste artista emateko. Gaur egun ere asko daude: Epelde aita-semeak, Egurrola, Zabaleta... Aurretik, Begiristain aita-semeak izan ziren... Eta, gaur egun, badakit gazte asko ari direla akademietan trikitia ikasten: Imuntzorekin, Zabalerenean, Lajarekin... Gero, Lajaren jatorriaz idatzi dut: bere jatorria zein den, bere aitona bertsolaria zela, aita erdi bertsolaria eta soinu-jotzailea izan zela... Gero, Elgetarekin hasi zen ikasten, eta hor badago oso pasarte polit bat. Sakabi behin Komuntzoko erromerian zegoen, eta esan zion Elgetari: "Hobe diagu laster erretiratuta, Laja hau oso ona zetorrek-eta!". Sakabik kuttuna zuen Laja , eta Laja bera ere Sakabiren maitea sentitzen zen. Nola deskribatuko zenuke Laja? Lanean aspertzen ez den horietakoa da, eta umore handiko gizona. Juan Mari Azkuek esaten du Lajari ez zela afalondoan soinua jotzeko eskatu beharrik izaten, beti egoten zela horretarako prest. Borondate handikoa da. Sakabiren eskola hartatik gaur egungo eskoletara zubia egin duena izan da. Ikasle izan ditu Imuntzo, Agurtzane Elustondo... Lajaren miresle handienetako bat, seguru asko, Kepa Junkera da. Haren idatzi txiki bat ere badago liburuan. Zer ekarpen egin dio trikiti munduari azkoitiarrak? Ziurrenik, inork egin dion ekarpen handiena. Lehengo trikiti klasikoaren eta gaur egungo eskolen arteko zubia egin du. Kanpoko kantak-eta Euskal Herrira iristen direnean, hemengo erara moldatzen ditu. Egokitzapenak egiten lan ikaragarria egin du. Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua? Udaberri aldean hasi nintzen idazten. Elkarrizketak eta grabazioak nituen, eta, alde horretatik, oso erraza egin zait informazioa biltzea. Laburtu beharra egin zait zailena, Soinuaren Liburutegia sailak neurri batzuk dituelako. 158 orrialde ditu liburuak, eta 40 bat argazki-edo. Eta niri ikaragarri azkar bete zitzaizkidan orriak. Idazteko prozesuan zehar asko egon naiz Lajarekin, eta gozamen bat izan da. Izenburua. Laja, trikitixaren zubia. Argitaletxea. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea. Orrialde kopurua. 158. Aurkezpen eguna. Igandea, 12:00etan, Azkoitiko udaletxean

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide