(Mikel Lizarralde)
Mikel Lizarralde (Urretxu, 1978) mediuma Azkoitian izango da bihar, larunbata,
Bizitza eta heriotza: hemen al gaude denok? hitzaldia ematen. Berak “oso lotura berezia” dauka Azpeitiarekin eta Azkoitiarekin, izan ere, aita azkoitiarra eta ama azpeitiarra dauzka. Horregatik, berarentzat Baztartxo antzokian hitzaldia ematea “erronka” bat dela adierazi du. 16:30ean emango dio hasiera ekitaldiari.
Noiz eta nola konturatu zinen ahalmen berezi bat zeneukala?
Niri ez zait gustatzen ahalmena deitzea. Dohain bat da, eta esango nuke betidanik izan dudala. Beti izan naiz
el rarito: etorkizuneko gertakizunak nabaritzen nituen, inguruan nituen irudizko lagunak ikusten nituen, ezagutu ez nituen familiakoen datuak-eta ematen nituen, naturarekin hitz egiten nuen, galdutako gauzak aurkitzen nituen... 10 edo 11 urterekin etxez aldatu ginen, eta hor arazo gehiago izaten hasi nintzen. Ordura arte, jendeak "Mikel arraroa da" pentsatzen zuen, baina institutora joatean hasi nintzenean, arazo gehiago agertu zitzaizkidan. Konturatu nintzen denek ez zutela sentitzen nik bezala.
Orduan, 11 urte egin zenituen arte, ez zinen ohartu besteek ez zutela zu bezala sentitzen.
Bai eta ez. Ohartzen nintzen, baina ez guztiz. Beti egon naiz oso babestua, eta etxez aldatzean eta beste jende batekin ibiltzean, aurretik nuen babesa galdu nuen. 11 urterekin inflexio-puntua izan nuen, puntu garrantzitsua izan zen.
Dohain hori zeneukala onartzea kostatu egin al zitzaizun?
Ez nizuke esango. Betidanik izan dudan zerbait da. Hala ere, egon ziren momentu batzuk heriotzak eta gauza zailak edo gogorrak asmatu nituenean, ukapena sentitu nuena. Ez nituen gauza horiek ikusi nahi edo ez nituen sentitu nahi. Neure buruari botatzen nion errua esandakoak gertatzen zirelako. 14 urterekin-edo ohartu nintzen pertsona gutxi batzuek zuten dohaina neukala. Orduan hasi nintzen kartak irakurtzen, gero, tarotarekin... Horrela babestuago sentitzen nintzen, gauza horiek onartuago baitzeuden.
Denborarekin erabaki zenuen jendea laguntzeko erabiltzea dohain hori.
Hori da. Betidanik izan dut espiritualitate handia, eta betidanik jakin izan dut jendeari eta animaliei lagundu nahi niela, baina ez nekien nola. Karten eta tarotaren babesean nenbilenean, 16 edo 17 urterekin, booma iritsi zitzaidan, eta ez neukan denborarik jolas denboran hamaiketakoa jateko ere. Beti izaten nuen jendea zain, eta ohartu nintzen horrela ezin nuela jarraitu. Orduan, gelditu egin nitzen. Ez denbora luzez, ordea. Booma eta gero, Miramar Jauregira joan nintzen eta han esan zidaten: “Zuk dohain bat daukazu eta nirekin etorri behar duzu Kanadara”. Nik lan on bat neukan, independizatuta nengoen... eta zaila izan zen erabakia hartzea. Baina, dena utzi eta joan egin nintzen. Ordutik gaur arte, dena segidan joan da. Ez da bila joan naizen zerbait izan.
Gaur egun, zertan laguntzen diezu zehazki zure bezeroei?
Batez ere, barneko bakea ematen diet. Izugarrizko beharra daukate. Alde batetik, heriotzari beldurra diote, eta, bestetik, izugarrizko beharra daukate heriotza zer den, beste aldean zer dagoen, eta hildako beraien senitartekoak nola dauden jakiteko. Nik barneko bakea eta lasaitasuna ematen diet. Nire helburua da, denei jakinaraztea bizitzaren ondorengo bizitza zer den, benetan existitzen duen mundua dela ulertaraztea, heriotzari beldurrik ez izaten irakastea, eta beste aldean daudenak lagun gaitzaketela ikusaraztea.
Bizitzaren ostean dagoena zer da?
Oso zaila da labur azaltzea, esan dezakegu benetako mundua hura dela, eta gu hemen antzerki batean bezala bizitzen ari garela. Benetako munduan daudenen mezuak ematen ditut nik hitzaldietan. Inoiz ez dut jakiten norengana joango naizen, beste mundukoek gidatzen naute nora joan edo zer esan. Diapositibak izango balira bezala, beste irudi batzuk eta beste sentipen batzuk etortzen zaizkit; eta hitz egiten hasten naiz. Frogak ematen ditut.
Azkoitian ere ikusleei galdetuko diezu?
500 lagun inguru izango dira bertan, eta ezin ditut galderak normalean egingo nituzkeen bezala egin. Orduan ikusleek paper batean jarriko dituzte galderak, eta nik paperak jasoko ditut. Galdera desberdinei erantzuten joango gara. Egin gabe gelditzen diren galderak bideoblog bidez erantzungo ditut. Meditaziotxo bat ere egongo da, eta jendearengana ere joango naiz. Niretzat erronka bat da Azkoitira joatea. Askotan gonbidatu naute Azpeitira eta Azkoitira, baina orain arte ezin izan dut joan. Beldur apur bat daukat, familia osoa Azpeitian eta Azkoitian daukat-eta. Ardura handiarekin sentitzen naiz. Oso lotura berezia daukat inguru horrekin.
Gaur egun jendeak naturaltasunez hartzen al ditu horrelako gaiak?
Dogma asko apurtzen ari garela uste dut, beldurra badagoen arren. Azpeitian eta Azkoitian gazte asko ari dira energiekin lanean, yoga egiten, bibrazioekin lanean... zerbait esnatzen ari da.
Izan al duzu zure bidean anekdotarik hemen kontatzeko?
Hainbeste pasa zaizkit... 11 bat urterekin familiako bat hilko zela esan nuen, eta hurrengo egunean hil egin zen. Beste behin, izeba bati esan nion sutea izango zuela eta loteria tokatuko zitzaiola, eta hala izan zen. Hori umetan. Oraintsuago, beste asko gertatu zaizkit. Ustez umerik izan ezin zuten emakumeei haurdun geldituko zirela esan eta haurdun gelditzea... Martxoaren 11n lagun bati laguntzeko Madrilera joan behar nuen, eta esan nion: “ Bai lagunduko dizut, baina martxoaren 11 ez zait gustatzen. Lehenago joango naiz”. Eta han egon nintzen, Atotxako ezbeharra gertatu zen tren berdinean, baina egun bat lehenago. "Ez joan egun horretan" esanez mezua jaso nuen. Edo Michael Jacksonen kontzertu bat ikustera joan behar nuen Londresera, eta sarrera erostera nindoala sentsazio bat izan nuen; agian ezingo nuela kontzertura joan sentitu nuen. Ez nuen sarrera erosi, eta, azkenean, Michael Jackson hil egin zen, eta ez zuen kontzertua eman. Horrelako mila gertatu zaizkit.