Azkoitiko XII. Herri Lasterketaren aurkezpena. (Eider Bereziartua/ Urola Kostako Hitza)
Raka Maraton Atletismo Taldeak antolatuta, Azkoitiko XII. Herri Lasterketa egingo dute azaroaren 26an, larunbata. 16:30ean hasiko da proba, eta parte-hartzaileek hamar kilometrotako ibilbidea izango dute aurretik. Urteroko ezaugarriak izango ditu lasterketak: plazatik hasita, itzuli txiki bat eta bi handi egingo dituzte herrian zehar. Ibilbide osoa herrigunean izango da, eta irteera eta helmuga plazan izango ditu. Besteak beste, Ibai Ondo kalea, Altzibar Etorbidea, Kale Nagusia eta Trenbidearen Zumardia zeharkatuko dituzte.
400 pertsonek parte hartu dezakete proban, eta zifra horretara hurbiltzea da antolatzaileen nahia. Hala ere, "lasterketa guztietan parte hartzea jaisten ari dela badakigu" azaldu dute. Parte hartzeko aurrez izena eman daiteke, Azkoitiko Zubiaurre Elkargunean, Azpeitiko Robers Aradi saltokian edota
www.herrikrosa.eus atarian. Kasu horietan 10 euro ordaindu beharko dira. Egunean bertan ere izena eman ahal izango da, lasterketa hasi baino ordubete lehenagora arte, 15 eurotan. Parte hartzen duten guztiek kamiseta bat eta oparia jasoko dute. Gainera, hainbat zozketa egingo dituzte guztien korrikalari guztien artean.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete lasterketaren babesle guztiei "beraiek gabe lasterketa posible izango ez" zelako. Horrez gain, "herritarrei deialdia" egin nahi izan die bolondres lanak egitera gerturatzeko. Lagundu nahi dutenek
informazioa@rakamaraton.com helbidera idatzi dezakete. Amaitzeko, "Azpeitiko eta Azkoitiko herritarrak gonbidatu" nahi izan dituzte lasterketan parte hartzera.