Esteban Perez: “Egun ez dago alarma sozialik, baina droga kontsumitzen da”

Eider Bereziartua 2016ko aza. 11a, 13:29

Izan Fundazioko psikologoa da Esteban Perez (Donostia, 1958) duela 31 urtetik. Azkoitian izan zen asteazkenean, 'Drogekiko mendekotasuna: ondorioak eta konponbideak' hitzaldia ematen.

Esteban Perez. (Eider Bereziartua) Izan Fundazioko psikologoa da Esteban Perez (Donostia, 1958) duela 31 urtetik. Hainbat programa lantzen dituzte bertan, eta horietako bat da Gizakia Helburu. Drogen kontsumoak eragindako arazoen tratamendurako programa. Horren barruan, joan den asteazkenean Azkoitian izan zen Perez, Drogekiko mendekotasuna: ondorioak eta konponbideak hitzaldia ematen. Hitzaldi horren helburua fundazioak lantzen dituen proiektuen inguruko informazioa herritarrei zabaltzea izan zen. Nola dago drogen gaia Gipuzkoan? Drogaren arazoa, gaur egun, ez da hartzen arazo sozial moduan, ez da duela urte batzuk heroinarekin gertatzen zen bezala. Gaur egun ez dago alarma sozialik, baina droga oraindik kontsumitzen da. Guk uste dugu ez dela kontsumoa jaitsi, nahiz eta ez den lehen adina hitz egiten. Era guztietako menpekotasunak dituzten pertsonak tratatzen ditugu guk: alkoholikoak, kokainaren menpe daudenak, speedaren menpe daudenak eta abar. Gaur egun, gainera, sortu dira substantzia gabeko menpekotasunak ere, hau da, ludopatiak. Ludopatiaren arazoa handia da gazteen artean. Esate baterako, Interneteko jokoekin, pokerrarekin eta apustuekin geroz eta jende gehiagok du arazoa. Guregana etortzen dira hori nola tratatu jakitera. Horretan ari gara orain, pixkanaka-pixkanaka. Guretzat oraindik arazo berria da, baina etorkizunean pertsona gehiago etorriko direla uste dugu. Orduan, gizartean badago arazoa. Bai, bai, arazoa existitzen da. Ziur aski, ez da horren inguruan hainbeste hitz egiten ez dagoelako alarma sozialik, baina arazoa existitzen da. Egun, gazteak eta ez hain gazteak daude drogei lotuta. Esate baterako, ostalaritzan edo tabernetako munduan badakigu alkohola eta kokaina daudela. 40 urte inguruko pertsona heldu asko ari dira guregana etortzen kokainarekin arazoa daukatelako. Speeda eta haxixa ere asko kontsumitzen dira. Urteekin substantzia aldatzen da, ez kontsumoa, ordea. Orain ez da lehen bezala heroina kontsumitzen; gaur egun, speeda, kokaina, alkohola eta haxixa daude hor. Estatistikoki ez dakigu jaisten edo igotzen ari den, baina arazoak hor jarraitzen du. Irakurri elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide