Herrixen elkarteko, Orbela tabernako eta udaleko ordezkariak. (Herrixen)
Herriko merkataritzari bultzada emateko asmoz, I. Herrixen Eguna ospatu zuten atzo Azkoitian. Herrixen merkatari elkarteak antolatuta, egitasmo ugariz gozatu ahal izan zuten herritarrek.
Goiz eta eguerdi partean, txu-txu trenean itzuliak egiteko, tonbolan jokatzeko eta txorizo pintxoak dastatzeko aukera izan zuten plazara bertaratutakoek.
Arratsaldean, berriz, haurrentzat eta gaztetxoentzat puzgarriak jarri zituzten Balda plazan, eta I. Zakelmari pintxo lehiaketa ere egin zuten. Orbela tabernak irabazi zuen lehiaketaren aurreneko edizioa. Herrixen elkarteko zazpi tabernak hartu zuten parte txapelketan: Ttakun, Etxe-Aitz, Latz, Zurt, Errexil, Koxka eta Orbela. Pintxoek piper berdea behintzat izan behar zuten, elkartearen maskota den Zakelmariren "omenez".
Pintxo onenaren egileek Herrixen elkarteko kideen eta Azkoitiko Udaleko ordezkarien eskutik jaso zuten irabazleari zegokion saria.