Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitian (Gaztaneneako eraikinean), Hizkuntz Eskola Ofizialaren gela desplazatuak ireki berri dira. Horren aurrean EH Bilduk gauzak egin diren moduari buruzko "hainbat kezka" azaldu ditu gutun bidez.
Duela gutxi arte, Musika Eskola Gaztanenean aurkitzen zen; aurreko legealdian zeuden ordezkari guztiek (tartean EAJ/PNVkoek) eraikina baldintza kaskarrean aurkitzen zela bat egiten zuten. Beste arazo batzuen artean, irisgarritasun arazoak handiak zirela onartu zen. Gaztanenea legeak agintzen zuen baldintzetan jartzeak izugarrizko inbertsioa eskatzen zuen, eta talde guztiak ados jarri ondoren, Musika Eskola Elkargunera eramatea erabaki zen. Orain, aldaketa handirik egin gabe Hizkuntz Eskolaren gela desplazatuak ireki dituzte bertan. Gu ez gaude Hizkuntz Eskolaren gela horiek irekitzearen aurka, Azkoitian herritarren beharretara egokitzen den oro eskaintzea interesgarria dela deritzogu. Baina gauzak gardentasunez eta ondo egin behar dira, eta oraingo hau, berriro ere, gure ustez, ez da kasua. Irisgarritasuna bermatzeko ez dute zentimorik inbertitu. Oposizioan gauden taldeei hori bermatuta dagoela adierazten duen txostenik ez digute eman eta ez dakigu horren inguruan zerbait egiteko asmorik duten edo ez. Guk dudak ditugu Gaztaneneako irisgarritasunak legea betetzen duenik; zain gaude Udal Gobernuak hori frogatzen duen txostena jasotzeko. Kezkagarria da eraikin horretan gelak martxan jartzea legeak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak bete gabe.
Bestalde, penagarria iruditzen zaigu gela horiek irekiko zirela publiko egitea hauteskundeetarako lau egun falta zirenean. Modu triunfalista batetan agertu ziren medioetan Udal Gobernuko ordezkariak, kanpainaren erdian, gestore onaren itxura emanez (Gipuzkoako herri bakarra omen gara horrelako gelak dituena, izugarrizko inbertsioa egin dutela…). Guretzat kanpaina garaian medioetan horrelako notiziak emanez azaltzea etikoki salagarria da, eta ziurrenik, legala ere ez da izango. Baina tira… lehengo lepotik burua.