Saskibaloiarekiko ilusioa berreskuratzera

Eider Bereziartua 2016ko irailaren 23a

Urrezko LEB ligan arituko da aurten Retabet.es Gipuzkoa Basket eta hiru gipuzkoarrek jokatuko dute taldean. Emaitzetatik haratago, zaleengan ilusioa piztea da taldearen helburua denboraldi berrirako.

[caption id="attachment_309772" align="aligncenter" width="300"]Ezkerretik eskuinera: Julen Olaizola, Xabier Oroz, Lander Lasa eta Francisco Javier Oyon 'Bully'. (Xabier Larrañaga) Ezkerretik eskuinera: Julen Olaizola, Xabier Oroz, Lander Lasa eta Francisco Javier Oyon 'Bully'. (Xabier Larrañaga)[/caption] Retabet.es Gipuzkoa Basket taldeak Urrezko LEB ligan jokatuko du 2016-2017ko denboraldian. Azken zortzi denboraldiak Espainiako goreneko mailan, ACBn, jokatu ostean, azkenengoan maila galdu zuen talde donostiarrak. Udara osoan “ziurgabetasunak” inguratu du taldea, eta hainbat iskanbilatan murgilduta ibili da kluba. Zalantza eta zurrumurru askoren ondoren, bigarren mailara itzuliko da Gipuzkoa Basket. Orain, Illunbeko Donostia Arena alde batera utzi, eta Gaska kiroldegian arituko dira gipuzkoarrak. Apurka-apurka berriro goraka egitea du taldeak helburu. Irailaren 30ean hasiko du liga GBCk, baina duela hilabete ingurutik ari dira lanean lehen partidara “ahalik eta ondoen” iristeko. Gainera, bihar eta etzi, Euskal Kopa jokatuko dute, Azpeitian, LEB mailan aritzen diren gainontzeko hiru euskal taldeen aurka: Sammic ISB (Azpeitia), Zornotza saskibaloi taldea (Zornotza, Bizkaia) eta Saenz Horeca Araberri (Gasteiz). Denboraldia ondo hasteko denboraldi-aurrea “sentipen onarekin” amaitzea garrantzitsua dela esan du Francisco Javier Oyon Bully-k (Donostia, 1987), Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile laguntzaileak. Ondorioz, “kopa irabazteko asmotan” doazela gaineratu du. Hiru jokalari gipuzkoarrek jokatuko dute probintziako lehen taldean: Xabier Orozek (Azkoitia, 1996), Lander Lasak (Tolosa, 1988) eta Julen Olaizolak (Donostia, 1993). Hala ere, Bullyk azpimarratu du “proiektu gipuzkoarra” dela. “Entrenatzaile nagusia kenduta [Porfi Fisac espainiarra], gainontzeko talde teknikoa Gipuzkoakoa da. 11 jokalarietatik hiru dira bertakoak, eta hori ehuneko handia da. Gainera, denboraldi-aurrean beste bost jokalari gipuzkoar ere gurekin izan dira entrenatzen”. “Gustura” hartu dute hiru jokalari gipuzkoarrek Gipuzkoa Basketen jokatzeko berria. Hala ere, bakoitzaren kasua desberdina da. Esate baterako, Lasa goi mailako saskibaloian jokatutakoa bada ere, EBA mailan aritu zen joan den denboraldian, Tolosako taldean. Orain, bi maila gorago ibiliko da. “Oso pozik nago”, adierazi du tolosarrak: “Beti gustatu zait goi mailako saskibaloia, eta Gipuzkoako talde bateko partaide izatea goraipatzekoa da”. Olaizola ere ados dago Lasarekin: “Niretzat pribilegioa da hemen egotea. Haurra nintzenetik miretsi izan dudan klubeko kide izatea saria da”. Donostiarraren bosgarren denboraldia izango da Gipuzkoako lehen taldean. Orozek, berriz, lehen aldia izango du GBCko jokalari gisa. Azken urteetan, Iraurgi Saski Baloiarekin Zilarrezko LEB mailan jokatu du azkoitiarrak, nahiz eta askotan izan zen Gipuzkoa Basketi laguntzen —taldearekin entrenatu eta aritu izan da—. “Esperientzia berria hasteko gogoz nago. Horrelako talde batean ikasten jarraitzea aukera ona da”. Irakurri erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide