Elena Sudupe (gimnasta): "Kendu didana baino askoz gehiago eman dit gimnastika erritmikoak"

Ana Abarisketa 2016ko uztailaren 1a

Elena Sudupe (Ana Abarisketa) Batxilergoa ikasten hasiko da Elena Sudupe irailetik aurrera, eta arratsaldeak gimnastika erritmikoari eskainiko dizkio, beti bezala. Eibarko Ipurua klubeko kidea da azkoitiarra, goi mailako kirolaria. 16 urte bakarrik dituzu, baina 11 igaro dira gimnastika erritmikoan hasi zinenetik. Zein izan da zure ibilbidea? 5 urte nituela hasi nintzen. Dantza betidanik izan dut gustuko, eta amari eta amamari asko gustatzen zitzaienez kirol hau, pixkanaka hasi nintzen, lagunak ere ibiltzen ziren, gainera. Aurrera egin ahala, maila ere igotzen joan zen, eta 6 edo 7 urte nituela nagusiagoekin jarri ninduen entrenatzaileak. 11 urterekin bakarrik eta taldean parte hartzen nuen txapelketetan, eta handik bi urtera deitu zidaten Eibarko Ipurua klubetik. Taldean bat behar zutela, eta beraiekin hasteko proposatu zidaten, federatuta. Aldaketa handia izan zen hura? Erabaki zaila izan zen. Batetik, lagunak nituen hemen, Azkoitian, eta, bestetik, hara joateak kostu handiagoa suposatzen zuen. Behin han hasita, taldean eta bakarrik lehiatzen hasi nintzen. Espainiako txapelketan parte hartu nuen aurreneko aldiz, eta nahiko emaitza politak lortu genituen. 200 bat parte- hartzailetatik 22. postua lortu nuen. Joan den urtean oso denboraldi ona egin genuen, baina Espainiako txapelketan gaizki atera zitzaigun ariketa. Bakarrik ere dena ondo egin nuen arren, huts egin nuen azken momentuan. Emaitzik onenak aurten lortu ditugu, halere: Espainiako txapelketan bigarren bukatu genuen taldean, eta, hirugarren, bakarrik. Ez nuen inondik inora espero. Zer gustatzen zaizu gehiago: bakarrik ala taldean lehiatzea? Taldean nahiago dut, hala besteen laguntza daukadalako. Aisialdiko kirol bat baino gehiago al da zuretzat gimnastika erritmikoa? Zerbait gehiago da. Gimnastika erritmikoan huts egiten badut larria da niretzat, taldekideei ere eragiten diet eta. Aisialdia lagunekin egoteko aprobetxatzen dut. Perfekzioa bilatzen duen kirola da hau. Zeintzuk dira zuretzat bere balioak? Diziplina handia eman dit. Eskolako lanak egiterakoan ere asko lagundu izan dit ordutegiak finkatzen eta. Asko ikasi dut urte hauetan guztietan. Eibarrera bueltaka hasi zinenetik nola antolatu duzu egunerokoa? Orain arte Floreaga Ikastetxean ibili naiz, eta ez dut zorte handirik izan ordutegiarekin, izan ere, arratsaldez ere eskolak izaten genituen. Horiek bukatzean zuzenean autoan sartu, eta Eibarrera joaten nintzen. Aitak, amak edo lehengusuak eraman eta ekartzen ninduten handik. Elena Sudupe. (Ana Abarisketa) Zenbat entrenamendu izaten dituzu astean? Denboraldian zehar, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 18:15etik 21:30ak arte izan ditut saioak. Zapatuetan, normalean, 10:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 17:00etara, eta, igandetan, 10:00etatik 13:00etara, beti. Astearteak eta ostegunak libre izaten nituen. Udan, abuztuan izango ditut oporrak. Goi mailako kirolaria izateko zein ezaugarri izan behar dira? Gogoa izanez gero asko egin daiteke. Norberak bere ezaugarri on horiek indartu behar ditu. Nire malgutasuna ez da izugarria, adibidez, hobea naiz aparatuekin. Halere, entrenatzea da garrantzitsuena. Gastua ekarri al dizu federatu eta Ipurua klubean hasteak? Ni prest nengoen hasieratik han hasteko, baina familiak ere erabaki behar izan zuen, joan-etorriak egiteko-eta arlo ekonomikoan beraien beharra nuelako. Egia da gastu handia suposatzen duela halako aldaketa batek, dena guk ordaindu behar izaten dugu eta: bidaiak, materiala, kuotak... Kanpotik ez dirudi, baina gastua handia da. Futbolean laguntzak dituzte adibidez, baina gimnastika erritmikoan ez dago halakorik. Ibilbide motzeko kirola da hau. Denetik dago. Badira 28 urterekin lehiatzen jarraitzen duten kirolariak, emaitza onak lortuz gainera. Halere, egia da normalean 20-22 urterekin uzten dutela gehienek. Etorkizuna nola ikusten duzu? Badakit egunen batean utzi egin beharko dudala, eta ez dut momentu hori iristerik nahi. Lagun asko egin ditut eta gogorra da horiek uztea. Ipurua familia bat da niretzat, sekulako harremana egin dugu hasieratik. Gero karrera bat ikasi nahiko nuke. Zerri uko egin behar izan diozu goi mailako kirolaria izateko? Ez dut uste ezer alde batera utzi dudanik. Denbora librea dudanean berdin-berdin egoten naiz lagunekin, eta ez dut halako sentsaziorik. Kendu didana baino askoz gehiago eman dit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide