137 urte azkoitiarren arima goxatzen

Ana Abarisketa 2016ko ekainaren 24a

Elkargunean entseatzen du Azkoitiko Musika Bandak. (Ana Abarisketa) Zehatz-mehatz ez badakite ere, 1879. urtea hartu du Azkoitiko Musika Bandak bere jaioturte gisa. Hainbat dokumentuetan herriko musikariek aurrez egindako ekitaldien berri jasotzen bada ere, urte hori hartu dute aintzat, ordukoa baita erregistroan agertzen den data. 137 urte igaro dira ordutik, eta  pertsona adina istorio eta bizipen. Melodiaz melodia, etengabe joan da eraberritzen banda, eta osasuntsu dago orain, taldekideek azaldu dutenez. Gaur egun 37 lagun inguruk osatzen dute Azkoitiko Musika Banda, nahiz eta kopuru hori aldatuz doan. Hain justu, kide berriak batu zaizkie azken urtebetean. Joan den irailean hitzarmena sinatu zuten musika bandak eta Bizkargi Musika eta Dantza eskolak, bandaren etorkizuna bermatzea helburu. Akordio horri esker, hainbat emanalditan batera parte hartu dute: Errege Magoen kabalkadan eta inauterietan, esaterako, musika eskolako makina bat ume batu zitzaizkien bandakoei. Horrez gain, musika eskolako hainbat ikasle hasi dira bandan jotzen. Musikari horiek guztiek Elkargunean entseatzen dute. Aurretik, Baztartxon zuten entsegu gela, eta duela bi urte lekualdatu ziren. Justu samar kabitzen dira, eta beldur dira aurrera begira toki faltan izango ote diren.

Bihar, Plaza Berrin

Musika bandak ez du ia atsedenik hartzen urte osoan zehar. Andramaixen ondorengo bi asteetan izan ezik, beti dute kontzerturen bat eskuartean. Bihar bertan elkartuko dira, geroz eta entzule gehiago erakartzen dituen kontzertua emateko, Plaza Berrin. 19:30ean hasita, ordu eta erdiko saioa eskainiko dute, makina bat abesti ezagun interpretatuz, hala nola Livin’ La Vida Loca, Abba Gold edo Bailamos. 137 urte bete dituen honetan, osasuntsu dago Azkoitiko Musika Banda.

Carlos Muñoz (Bandako zuzendaria): "Inoiz ez nuen neure burua halako egoera batean imajinatuko, baina egia esan oso gustura nago"

Carlos Muñozek (Azkoitia, 1985) orain urtebete hartu zuen Azkoitiko Musika Bandaren zuzendaritza, eta, ordutik, buru-belarri sartuta dago bere zereginetan. Zein da zure ibilbidea bandan? 10 urterekin hasi nintzen bandan jotzen. Gogoratzen naiz Erregeen kabalkada bat izan zela parte hartu nuen aurreneko ekitaldia. Gero, Ismael Conde zuzendari zela, haren zuzendariordea izan nintzen bi urtez. Hark uztea erabaki zuenean proposatu zidaten zuzendari izatea, eta urtebete pasatu da ordutik. Gustuko duzu lana? Inoiz ez nuen neure burua halako egoera batean imajinatuko, baina egia esan oso gustura nago. Joan den urtean hasi nintzen, eta oraindik esperimentatzen jarraitzen dut. Zer aldatu da bandan azken urtebetean? Musikako irakaslea naiz, eta egun osoa ematen dut umeekin. Zerbait esatekotan, horixe nabarmenduko nuke: agian, irakasle lana egiten dudala kideekin. Bandaren zein ezaugarri nabarmenduko zenuke? 15 urtetik hasi, eta 75 bitarteko herritarrek osatzen dugu lantaldea, eta garrantzitsua iruditzen zait horiek guztiek esperientzia berdina bizi ahal izatea elkarrekin.Uste dut polita dela hori.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide