Bosgarren edukiontzi bidezko sistema jartzea onartu du Azkoitiko Udalbatzak

Ana Abarisketa 2016ko ekainaren 23a

Sistemaren alde bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk; EH Bilduk kontra bozkatu zuen eta Azkoitia Bai abstenitu. Birziklatze tasak igotzeko premia nabarmendu zuten guztiek.

Azkoitiko Udalbatzak hondakinak biltzeko bosgarren edukiontzi bidezko sistema jartzea onartu zuen astearteko ohiko udalbatzarrean, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk kontra bozkatu zuen eta Azkoitia Bai abstenitu egin zen. Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, hauteskunde programan jaso zuten jeltzaleek orduan indarrean zegoen sistema mistoa kendu, eta hondakinak edukiontzi bidez biltzen hastea. "Orain, beste pauso bat emango dugu eta mankomunitateari dagokio hurrengoa ematea". Horrez gain, zera gehitu zuen: "Gure asmoa da sistema lehenbailehen aldatzea, herritarrek birziklatu dezaten sentsibilizazio kanpaina hastea eta hortik aurrera joango gara neurriak hartzen". Udalbatzak onartu du sistema berriari dagokion txosten tekniko, juridiko eta ekonomikoa. Orain, Urola Erdiko Mankomunitateari dagokio aldaketa onestea eta horretarako hiru hilabeteko epea izango du.

Birtziklatze tasa igo

Udalbatzako talde guztiek fedendatu zuten herrian birziklatze tasa igotzeko beharra. EH Bilduko Gaizka Larrañaga zinegotziak azaldu zuenez, eta apirileko datuen arabera, %44 da material desegokien kopurua. Hori dela-eta, udal gobernuari neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu zioten. EH Bilduko ordezkariek hondakinen sistema aldaketaren kontra bozkatu zuten, zera argudiatuta: "Zuek proposatzen duzuen sistemak ez du inolako bermerik ematen birziklatze tasa %70 izatera iristeko. Bestalde, mankomunitatetik proposatu zaizue txip bidezko bost edukiontzi sistema jartzea %70eko birziklatze tasa bermatu ahal izateko, eta ezetz esan duzue. Azkenik, azarotik gaur arte bost edukiontzi desberdin egon dira, eta orain ezarri nahi dena oso antzekoa da. Hori horrela, ikusi dugu emaitzak zer nolako eskasak izan diren". Jose Joaquin Etxaniz Azkoitia Baiko zinegotziak azaldu zuenez, "informazio falta" sumatu dute herrian. Taldeak sistema aldatzearen alde bozkatu bazuen ere, "zintzilikarioak" ez kentzeko eskatu zuen. PSE-EEko Miguel Reimundezek Azkoitiko Udal Gobernuari eskatu zion gaiaren inguruko "informazio osoa" udalbatzako kide guztiei helarazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide