Agintaldiko aurreneko urtearen errepasoa egin du Azkoitiko Udal Gobernuak

Ana Abarisketa 2016ko ekainaren 9a

Nagusia 80ko eraikinean babes ofizialeko hamau etxebizitza egin nahi dituzte, Visesaren bidez. Hasieran baino "ilusio" handiago dutela esan zuten. EAJk "kanpaina" hasi duela esan du EH Bilduk.

Miguel Angel Bastida, Ana Azkoitia, Javier Zubizarreta, Nekane Larrañaga eta Sonia Vazquez. (A. Abarisketa) Azkoitiko Udal Gobernuaren agintaldiko lehen urtearen balantzea egin zuten atzo EAJko zinegotziek. Hala, "kudeaketa ona" egiten dakien taldea dela azpimarratu zuen Javier Zubizarreta alkateak. "Herriak badaki zer ari garen egiten eta konpontzen". Azaldu zuenez, Udal Gobernu taldea "indartsu" dago, "hasieran baino gogo eta ilusio gehiagorekin". Aurrera begirako berrikuntza giza jakinarazi zuen, Nagusia 80 eraikinari "irtenbidea" topatzear dela udala. Eliz atari ondoko eraikinaren afera ez da oraingo kontua. 2015eko irailean horri eusten dioten aldamioak erostea onartu zuen Azkoitiko Udalak. 50.000 euro bideratu zituen erosteko, izan ere, alokatuta izan zituen ordura arte aldamioak, hilero 6.027 ordainduz. 2005ean hustu zuten eraikina, udalak aginduta; orduko azterlanen arabera erortzeko zorian zegoen, eta 2009an jarri zizkioten aldamioak eraikinari. Zubizarretak jakinarazi zuenez, "%100eko akordioa" lortu dute eraikinaren jabeekin: udalak eraikinaren jabetza hartuko du aurrena, eta lurzoru hori emango dio Visesari, Eusko Jaurlaritzak etxeak sustatzeko duen elkarte publikoari, babes ofizialeko hamalau etxebizitza egin ditzan. Beheko solairura, berriz, jubilatuen elkartea lekualdatu nahi dute, plazatik. "Arazo handi bati irtenbidea topatu nahian ari gara". Horrez gain, joan den ekainetik hona egindako lanak azaldu zituen alkateak, eta horien artean Azkoitia eta Zumarraga arteko GI-631 errepidean egingo duten hirugarren erreia aipatu zuen. Lan horiek 2018an hasiko dituzte, Azkoititik hasita, Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko du kostua osorik. Arlo ekonomikoari begira, Azkoitia Lantzenen "gorabeherak" izan zituen hizpide. Oinartxo eremuko lur kutsatuen gaiak udal sozietate publikoari eragindako "zorrak" bideratzen ari direla esan zuen. Izan ere, joan den martxoan berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Azkoitia Lantzeni dagokiola 2009tik Oinartxo eremuko lur kutsatuen kostua ordaintzea. "Milioi askoren gorabeheran dagoen auzi gogor bati aurre egin behar diogu". Gehitu zuenez, kostu hori ez da bost milioira iristen. Eremu horretako lixibiatuak tratatzeko "hasieran behintzat, urtean 100.000 euroko kostua" izango dute lanek. Hezkuntza arloko lorpenen artean bi aipatu zituen: batetik, Eibarko Hizkuntza Eskolako gela desplazatuak Azkoitian eskaintzea irailetik aurrera; eta, bestea, Azkoitiko Urola Ikastolan eskaintzea Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta erdi mailako zikloa hastea, irailetik aurrera hori ere. Azkenik, eta hondakinei dagokionez zera esan zuen: "Beharrezkoak" dituzten baimen guztiak dituela udalak bosgarren edukiontzi bidezko sistema ezartzeko Azkoitian. Aldaketa hori, ekaineko udalbatzarrean proposatuko dute. Birziklatze tasa baxuei aurre egiteko, berriz, "herritarren lankidetza behar-beharrezkoa" dela gehitu zuen alkateak.

EH Bilduren erantzuna

Jeltzaleen Udal Gobernuaren lehen urteko balorazioari erantzuna berehala iritsi zen atzo. Azkoitiko EH Bilduk ohar bidez azaldu du, EAJk hauteskunde "kanpaina" hasi duela jada, eta "gardentasun falta" leporatu die agintaldian zehar. Hondakinen kudeaketan "seriotasun gutxi" izan dutela, eta aurreko agintaldian oposizioan zirela hartutako "konpromiso batzuk" ez dituztea "bete". Bestalde, Azkoitia Lantzeni dagokionez, Auzitegi Gorenaren epaiaren berri koalizio abertzaleak eman zuela ere esan dute, EAJk "isilpean" gordetzen zuen bitartean. Horrez gain, gabeziak ikusten ditu EH Bilduk Azkoitiko Udalean: "Parekidetasun alorrean eta politika sozialetan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide