Hogei urte beteko ditu aurten Matadeixek eta egitarau zabala antolatu dute hori ospatzeko. Ainhoa Beristainek 'Matadeixen txokoak' argazki erakusketa prestatu du.
Hogei urte beteko ditu aurki Azkoitiko Matadeixek, eta urtebetetzea ospatzeko egitarau indartsua antolatu dute datozen asteetarako. Aurreko urteetan festa xumeagoa egin izan ohi dute, baina aurtengoa berezia dela diote.
Alots Arregi eta Ainhoa Beristain Beris buru-belarri sartuta daude Matadeiko lan dinamikan. Arregik hamalau urte besterik ez zituen lantaldean sartu zenean, eta hamabi igaro dira ordutik. "Ni hasi nintzenetik asko aldatu da Matadeixe, orain beste jende bat etorri da, eta beste zaletasun batzuk dituzte, desberdina da". Hark azaldu duenez, askotariko estiloak ukitzen dituzte urtean zehar antolatzen dituzten ekintzetan.
Batzarretan parte hartzen dutenak hamabi lagun inguru dira gaur egun. "Gazteak soinu-teknikaritza eta argiztapena ikasten ari dira", azaldu du. Izan ere, guztien artean banatzen dituzte bertako eginbeharrak. Emakume taldea eta CNTko kideek ere Matadeixen egiten dituzte bilerak.
'Beris'-en erakusketa
Orain hiru urte sartu zen Matadeiko lantaldean Ainhoa Beristain, eta berehala hasi zen kontzertuetan argazkiak ateratzen. Izan ere, argazkigintza eta musika ditu gustuko hark. Ordutik ez da gelditu eta emanaldi guztietako irudiak gordetzen ditu bere argazki kameran. "Argazkilaritzaz dakidana hemen ikasi dut. Hasierako irudiak eta oraingoak konparatuz gero, sekulako aldea dago. Asko gustatzen zait argazkilaritza, eta neure kabuz ikasi dut dakidan guztia", azaldu du berak.
Orain, Matadeiko txokoak argazki erakusketa prestatu du, eta ekitaldi guztiak iraun bitartean egongo da ikusgai. "Duela hilabete igo nintzen goiko lokalera, lehenengo aldia zen gela hori bisitatzen nuela". Ezezagun izate horri tiraka erabaki zuen eraikina ezagutarazteko erakusketa egitea.
Matadeiko txokoak datorren asteburuan Torre Zurin ikusgai izatea ere aurreikusten dute.
EgitarauaLarunbata, ekainak 1123:00. Balcanes eta Munlet taldeen kontzertua.
Asteazkena, ekainak 1519:00.Immigrazioa zurrumurruei aurre eginez hitzaldia. Gipuzkoako SOS Arrazakeria lantaldeko kide den Agustin Unzurrunzagak hitz egingo du hitzaldian.
Osteguna, ekainak 2322:00. Sue ta patatie.
Larunbata, ekainak 2522:30. Joseba B Leinor Gang eta Jotakie taldearen kontzertua izango da.
Larunbata, uztailak 212:00. Bizipoteoa.
14:30. Bazkaria.
17:00. Serigrafia saioa, kamisetak estanpatzeko.
19:00. Mass Blinded Sound Immersion (soinu esperientzia kolektiboa).
Gauean zehar, VI. Gau Beltza egingo dute.
XX. Zine ziklo erotikoaGaur, ekainak 7. Larry Clarken The smell of us (2014)
Asteartea, ekainak 14. Andrzej Zulawskiren Chamanka (1996).
Asteartea, ekainak 21. Gaspar Noeren Love (2015).
Asteartea, ekainak 28. Alain Guiraudieren El desconocido del lago (2013).
(Filmen emanaldi guztiak 21:30ean hasiko dira)