Hasteko, ingeles eskolak eskainiko dituzte, hamasei urtetik gorako ikasleentzat. Matrikulazioa irailean izango da. Udalaren asmoa da proiektuak gero «dimentsio» zabalagoa hartzea. Ana AbARiSKeTa
Eibarko Hizkuntza Eskolako gela desplazatuak eskainiko dituzte Azkoitian datorren ikasturtean. Hasiera batean, eta lehenengo saiakera gisa, ingeleseko erdi mailako eskaintza ematea dute asmoa. Azkoitiko Udalaren nahia da, gero proiektuak «dimentsio» zabalagoa hartzea, formakuntza eta hizkuntzak ikasteko zentroa eratuz, eta teknologia berrien laguntzarekin ikasketa modu berriak garatuz. Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, 150 bat lagun joaten dira Eibarko Hizkuntza Eskolara Azkoitia eta ingurutik gaur egun.Gela desplazatu horiek Gaztanenean kokatuko dira —lehengo Musika Eskolaren eraikinean—, eta horretarako egokituko dituzte gelak. Horrez gain, eskolak emateaz gain, ikasleek Azkoitian bertan egingo dituzte Hizkuntza Eskola Ofizialeko azterketak.
Matrikula ofiziala egiteko epea irailean hasiko da, gainerako hizkuntza eskola guztiekin batera. Izen ematea on line izango da. Kontuan izan behar da plazak mugatuak izaten direla, hau da, eskaerak gehiago izan ohi dira eskaintzen diren plazak baino. Matrikulazio librea, berriz, otsailean izango da.
Ekain bukaeran eta uztailean zehaztapen gehiago emango ditu udalak. Horrez gain, Eibarko Hizkuntza Eskolaren eta udalaren webguneetan emango da eskaintzen diren plazen berri.
Gipuzkoako bost herritan daude Hizkuntz Eskolak gaur egun: Irunen, Donostian, Eibarren, Ordizian eta Tolosan. Horiei Arabakoak eta Bizkaikoak gehituz, hamalau dira Jaurlaritzaren eskumenekoak. Hala, Azkoitia litzateke aurrenekoa eskola desplazatuak eskaintzen.