Udal Gobernuak ez du babestu EH Bilduk 1766ko matxinadaz aurkeztutako mozioa

Ana Abarisketa 2016ko ekainaren 1a

Azkoitiko EH Bilduk 1766ko matxinadaren inguruko mozioa aurkeztu zuen asteleheneko udalbatzarrean. Adierazpen horretan honako hiru puntu babesteko eskatu zuen koalizio abertzaleak:
  • Matxinadan parte hartu zuten herritarrei aitortza egitea.
  • 250. urteurrena dela-eta egiten ari diren ekintzetan udalak parte hartzea eta horiek bultzatzeko konpromisoa hartzea.
  • Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Azpeitiko Udala eta Azpeitiko Kultur Mahaia eta beste zenbait eragilerekin hartu-emanetan jartzea matxinadaz egiten ari diren lanketan lankidetzan aritzeko.
Azkoitia Bai taldeak soilik babestu zuen mozioa; EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Nekane Larrañaga zinegotzi jeltzaleak honela arrazoitu zuen ezezkoa: "Uste dugu historialariek lantzeko gaia dela, baina ez erakunde publikoek iritzirik eman behar dutenik". Hala ere, herrian antolatu diren ekitaldiei azpiegiturak "erraztearen" alde agertu ziren. Horrez gain, matxinoek bizi izandako egoera "latzarekin bat egiten" dutela gehitu zuen Larrañagak, nahiz eta horien aldeko adierazpen publikorik egiteko "beharrik" ikusten ez duten. Bestalde, hark azaldu zuen ez dutela gonbidapenik jaso Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat eragileren artean urte osorako antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko; horien berri "prentsaren bitartez" izan zuten. Azkenik, Azkoitiko zalduntxoak izan zituen gogoan jeltzaleak. Haren ustez, "ukaezina" da "ilustratuek" historiari egindako ekarpena, eta "beste dimentsio bat du" 1766ko matxinadarekin alderatuz. EH Bilduk prentsa ohar bidez azaldu duenez, "politikoki salagarria" da duela 250 urteko historia ezagutzeari gaur egun "trabak jartzen saiatzea". Koalizioaren iritziz, "historia ofizialean, matxinada hura  zapaldu zuten jauntxo ilustratuak bakarrik ageri dira": "Historiaren beste alde hau, herritar xeheen historia, gure ondare historikoa ere bada, azkoitiar guztiona, eta EAJko udal gobernuak uko egin  dio gure historiaren atal hori azkoitiarrok hobeto ezagutzeko aukerari".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide