Lidl supermerkatu kateak erosi ditu Urrategi auzora bideko lursailak

Ana Abarisketa 2016ko ekainaren 1a

Zabale baserriaren eta Gurutze Gorriaren artean dauden lurretan eraikiko dute supermerkatu berria. Martxoan jarri zituen enkantean lur sail horiek udalak.

Alemaniako Schwarz taldearen Lidl supermerkatu kateak erosi ditu Urrategira bideko bi lursailak. Joan den martxoan onartu zuen Azkoitiko Udalbatzak lur horiek saltzen jartzea enkantean; asteazkeneko osoko bilkuran, berriz, lursail horien kontratua onartzea adostu zuten, EH Bildu abstenituta. Erosleek Lidl tokiz aldatu nahi dute Azkoitian. Hala, Intsausti kaleko supermerkatua itxi, eta Zabale baserriaren eta Gurutze Gorriaren artean erosi berri duten lursailean eraikiko dute berria. Zabale baserriaren eta Gurutze Gorriaren artean eraikiko dute Lidl supermerkatu berria. (Ana Abarisketa) Udalak esleipenerako oinarri gisa 759.521,46 euroko prezioa gehi BEZa ezarri zuen, baina aise gainditu da kopuru hori, multinazionalak kopuru zehatza eman nahi ez duen arren. Horrez gain, Lidlek Azkoitian egingo duen inbertsioa ez da lursaila erostera mugatuko. Kontratazioaren arabera, erosleari dagokio urbanizazio publikoaren kostuak bere gain hartzea, alegia, 1.672.804,64 euro (BEZa barne). Udala arduratuko da obrak esleitzeaz, baina supermerkatu kateak ordainduko ditu kostuak. Lidleko zuzendaritzako hainbat kide Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearekin bildu dira aste honetan bertan. Enpresari horiek jakinarazi dutenez, lekualdatzeak lanpostu berriak sortuko ditu. Intsaustiko eraikinean 11 lagunek lan egiten dute eta saltoki berrian hemeretzi edo hogei beharko dituztela azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide