Zazpi Kurutze martxarako dena prest du Anaitasuna Mendi Bazkunak

Ana Abarisketa 2016ko maiatzaren 25a

Ekainaren 12an izango da Zazpi Kurutze mendi martxa. Gaur zortzi azken bilera egingo dute antolatzaileek. Inguruko mendiak zeharkatuz 55 kilometro egingo dituzte kirolariek.

Zazpi Kurutze mendi martxa bi urtetik behin egiten da. (Anaitasuna) Anaitasuna Mendi Bazkunak jada prest du dena bi urtetik behin egiten den Zazpi Kurutze mendi martxarako. Gaur zortzirako, ekainaren 1erako, azken bilera deitu du klubak boluntarioei azken zehaztapenak emateko eta bakoitzaren kokaguneak finkatzeko. Batzar hori taldeak Kale Nagusian duen lokalean izango da, 20:30ean. Zazpi Kurutze ibilbidea ekainaren 12an izango da, hil horretako bigarren astean, ohi bezala. Anaitasunak antolatzen duen ibilbide zaharrena da, XXII. aldia izango da aurtengoa. Parte- hartzaileek inguruko mendiak zeharkatzen dituzte, eta 55 kilometrotako ibilbidea egiten dute. Igandeko 04:00etan abiatuko dira Azkoitiko plazatik, eta handik Erlo, Aittola, Sargoate, Hirukurutzeta, Izaspi, Irimo eta Oleta zeharkatuko dituzte, berriro plazara iritsi arte. Partaideek denbora tarte jakin bat izaten dute gurutze bakoitzera iristeko, eta han zigilua jartzen diete.

Aldaketa gutxi

Joan den otsailean hasi zen Anaitasuna mendi martxa prestatzen. Bost lagunez osatutako antolakuntza taldea osatu zuten orduan, batzordeko kide batek lagunduta, eta talde hori arduratu da aurtengo martxarako aldaketa "txiki" batzuk egiteaz. Zentzu horretan, parte-hartzaile kopurua gehienez 300 lagunekoa izatea erabaki dute. "Gure azpiegiturak zeintzuk diren ikusita, kopurua mugatzea erabaki dugu, izan ere, txikiak gara", azaldu du Manu Larrañaga Anaitasunako kideak. Horrez gain, Hirukurutzeta gaineko anoa postuan eman ohi den elikagai kopurua handitzea erabaki dute, hala nola, barratxo energetikoa, platanoa, laranja eta fruitu lehorrak emango zaizkie kirolari bakoitzari. Behin proba bukatzen dutenean, kamiseta bana jasoko dute parte- hartzaileek. Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 8ra arte, Kirolprobak.com atarian. Egunean bertan ere aukera izango da horretarako, 03:00etatik aurrera, baina hamabost euro ordaindu beharrean hogeira igoko da kopuru hori. Bi aukera horiez gain, Azkoitiko Etxeza harategian ere inskribatu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide