Azkoitiko Udalak zabalik du merkataritza eta ostalaritzako establezimenduetan euskararen presentzia indartzeko urtez urte ematen dituen diru laguntzak eskatzeko epea. Dendariek eta tabernariek hainbat ekintzetarako eska dezakete laguntza hori, hala nola kanpoko errotuluak euskaratzeko edo erabiltzen duten materiala euskaratzeko: poltsak, fakturak, bisita txartelak...
Halaber, diruz lagunduko dituzte euskaraz egindako webguneak edo programa informatikoak. Aurreneko aldiz publizitatea euskaraz egiteagatik ere jaso ahalko dira laguntzak.
Laguntza zehatzak
Programa informatikoak euskaraz jartzeko, webgunea euskaraz sortzeko edota publizitatea euskaraz egiteko 600 euro emango ditu udalak gehienez. Programa informatikoen kasuan %100 finantzatuko da, eta, beste bi kasuetan, kostuaren %60a, betiere, ezarritako muga gainditu gabe.
Errotulua euskaraz jartzeagatik kostuaren %50 finantzatuko du Azkoitiko Udalak, 360 euro gehienez; eta erabiltzen den materiala euskaratzeagatik %60a emango da, asko jota 360 euro jasoko dituzte eskatzaileek.
Informazio gehiago eskuratzeko Azkoitiko Udalaren webguneko Euskara atalera jo dezakete, edota udaleko Euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri 943-857 175 telefonora deituta edo euskara@azkoitia.eus-era idatzita.
Laguntzak eskatzeko interesa dutenek urriaren 31ra arteko epea dute.