Kurdistango iraultza arakatzea helburu, film eta dokumental zikloa antolatu dute Azkoitiko Matadeixen datozen egunetarako. Aste honetan bi pelikula botako dituzte, eta, datorren astean, dokumental eta pelikula bana. Saio guztiak 21:30ean hasiko dira.
Lehendabiziko emanaldia gaur bertan izango da, Tina Leisch zinemagile alemaniarraren Nur die Toten kehren heim (Hildakoak bakarrik itzultzen dira etxera) pelikularekin. Aipatutako filmak herri kurduak pairatutako «zapalkuntza» eta «errepresioa» salatzen ditu. Horrez gain, azken urteetan erresistentzia mugimenduak izandako bilakaera ere aztertzen du filmak.
Bigarren saioa bihar izango da. Huner Saleem-ek zuzendua, My Sweet Pepper Land filmak Baran protagonistaren istorioa du hizpide. Iran, Irak eta Turkian girotua, Baran komandantearen eta Govend irakaslearen arteko harremana landuko du pelikulak.
Emakumeen borroka
Gaur zortzi, maiatzak 31, Arte telebista kateak ekoiztutako Kurdistan, la guerre les filles (Kurdistan, nesken gerra) dokumentala emango dute. Rojava, Shengal eta Qandil lurraldeetako emakume kurduen borroka ideologikoa eta militarra aztertzen du Mylene Sauloy-k zuzendutako obrak. Era berean, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren hastapenetan Sakine Cansizen bueltan sortutako erresistentzia mugimendua ikertzen ditu.
Dokumentalaren testuingurua honakoa da: euren herria defendatzeko, Paristik hasi eta Sinyar (Irak) arte armak hartu dituzte emakume kurduek Daeshen (Estatu Islamikoa) kontra.
Azken saioa ekainaren 1ean, asteazkena, izango da. Min dit (Diyarbakirreko haurrak) kurdueraz filmatutako lehen pelikula da. Turkiako kurdistan eremuan, 90eko hamarkadan, bi anai-arreben bizitza bortizki aldatuko da: estatuko segurtasun-indarrek gurasoak hil dizkiete beraien aurrean.