Futbol partida erabakigarria jokatuko du bihar Anaitasunak

Ana Abarisketa 2016ko maiatzaren 20a

Hondarribiaren aurka jokatuko dute gorriek igoera txartela bihar, larunbata. Azkoititik zaleen lau autobus aterako dira, bi goizean eta beste bi arratsaldean. 200 lagun inguruk izena eman dute.

Holligans Anai lagunartekoak Hondarribian izango dira. (Anaitasuna) Bihar arratsaldean jokatuko dira futboleko Ohorezko Maila liga txapelketako azken partidak, eta gaur gaurkoz honela dago sailkapen orokorra: Tolosa (70 puntu), Anaitasuna (68) eta Real Union (65). Bihar, larunbata, Anaitasunak Hondarribiaren aurka jokatuko duen partidak berebiziko garrantzia izango du. Izan ere, norgehiagoka hori irabaziz gero, gertu izango dute Espainiako Hirugarren Mailarako igoera txartela Igor Quindosek zuzentzen dituen jokalariek. Gorriek irabaziz gero, Irunen erabakiko da dena, Real Union eta Tolosa lehiatuko baitira han. Etxekoek irabaziz gero Anaitasuna zuzenean igoko litzateke mailaz; bestela, eta sailkapen orokorrean bigarren postuan amaitzen badu, promozio faseko bi partida jokatu beharko dituzte Araban eta Bizkaian bigarren sailkatutakoen aurka. Hondarribiako eta Irungo partidak 17:30ean hasiko dira.

Lau autobus Hondarribiara

Beste behin autobusa jarri du Anaitasuna klubak zaleak animatzera joateko; oraingoan, ordea, bat ez ezik, lau aterako dira: bi goizean eta bi arratsaldean. Guztira, 200 lagun inguruk izena eman dute Hondarribiara joateko. Klubak dei egiten die zaleei gorriz jantzita joateko. Bihar Hirugarren Mailara igotzea lortzen badu Anaitasunak, harrera egingo zaio taldeari udaletxean. Aurretik kalejira egingo dute Balda Plazatik hasita, eliz atariko barriketan geldialdia egingo dute eta handik plazara joango dira. 21:00etan izatea aurreikusi dute. Ohorezko Mailakoei ez ezik, klubeko jubenil neskei ere harrera egingo diete, hauek mailako txapeldunak izatea lortu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide