Reyes Prados: "Euskara ikasteko jarraitu dudan prozesuaz hitz egingo dut"

Ana Abarisketa 2016ko maiatzaren 19a

Reyes Prados eta Kike Amonarriz XXVII. Euskal Kultur jardunaldietan ariko dira gaur. Floreaga Ikastetxeko On Bosco aretoan izango da hitzordua, 20:00etan.

Orain bi urte hasi zen euskara ikasten Reyes Prados kazetaria (Sevilla, Espainia, 1982). Hain justu, bere euskalduntze prozesuaz hitz egingo du gaur Azkoitian, Kike Amonarrizekin batera. Egunero euskaraz hitz egiteko erraztasun berdina ez duela dioen arren, ezin hobeto erantzun dio HITZAk egindako galderei. Floreaga Ikastetxeak antolatuta, Euskal Kultur jardunaldietan parte hartuko duzu gaur Kike Amonarrizekin batera, euskara eta telebista hizpide hartuta. Zerbait aurreratzerik bai? Kike Amonarrizek nik baino askoz gehiago ezagutzen du Euskal Telebista, beraz, horretaz hitz egingo du berak. Nik, aldiz, euskara ikasteko jarraitu dudan prozesua kontatutako dut, alegia, ezer ez jakitetik ETB1en programa bat aurkeztera nola iritsi nintzen azalduko dut. Batzuetan ezinezkoa dirudi, beraz, horretaz hitz egingo dut. Izan ere, eredu bat bihurtu zara. Hori esaten dute, baina ez dut uste. Pixka bat harrigarria da, baita niretzat ere. Beraz, horretaz jardungo dut, eta saiatuko naiz nire esperientzia azaltzen. 2015eko datuen arabera, ehun pertsonatik hiruk soilik kontsumitzen dute telebista euskaraz; ETB1ek %1,9ko audientzia du. Bere daturik kaskarrenak dira 1992tik. Beste batzuek aztertu beharreko datuak dira horiek. Hala ere, ez dut uste kopuru horiek oso fidagarriak direnik. Nire esperientziaren arabera, Gipuzkoan behintzat ETB1 herritarrengandik oso gertu dago; taberna eta etxe gehienetan telebista kate hori izaten dute piztuta. Adibide bat jarriko dut: hiru urtez aurkeztu nuen Euskadi Directo ETB2an. ETB1en, berriz, InautHerriak programaren saio bat grabatu genuen joan den otsailean, —Euskal Herriko inauteri esanguratsuenak bisitatu zituen saio horretan—. Konturatu nintzen InautHerriak saioan ikusi nindutelako gelditzen ninduela jendeak Gipuzkoan, eta ez gaztelaniazko saioagatik. Audientzia neurtzeko erabiltzen diren audiometro gehienak Bizkaian daude, eta, beharbada errealitatea bestelakoa da herrialde horretan. Saio eredu berriak egiten hasi da ETB1 azkenaldian, beste telebista pribatu batzuen eredua jarraituz. Erabaki horrek kritikak jaso ditu, aldiz, beste batzuen ustez herritarrek euskaraz kontsumitzea da helburu nagusia. Zein da zure iritzia? Nik ere ikusten ditut noizean behin entretenitzea helburu duten programak. Reality show-ak ez ditut ikusten, baina beste saio batzuk bai. ETB1ek datuak hobetzeko beste programa mota batzuk egitea ez dut gaizki ikusten, horrela jendeak euskaraz ikustea lortzen bada behintzat. 2014an Errezilen egon zinen euskara ikasten. Nolako oroitzapenak dituzu? Izugarria izan zen. Hasieran shock moduko bat izan zen niretzat. Euskara ikasten hasi nintzela bederatzi hilabete ziren orduan, beraz, imajinatu dezakezu zein zen nire euskara maila. Bat batean, euskaraz bizi den herri bat aurkitu nuen, baita familia berri bat egin ere. Errezilen beraien euskalkia dute, eta ez nuen ezer ulertzen hasieran, baina asko lagundu zidaten. Oso jende ona aurkitu nuen, eta euskara hobetzen izugarri lagundu zidan, entzumena batez ere. Zenbat denbora egin zenuen Errezilen? 2014ko uztailean hiru aste egin nituen, eta irailean itzuli nintzen beste bi asterako. Ibarguren baserrian egon nintzen, eta esan bezala, gaur egun mantentzen dudan familia bat aurkitu nuen, baserriko lanak ere egiten nituen beraiekin. Geroztik, gehiagotan itzuli naiz. Begi berdinekin ikusten al da euskal gizartea elebakarra edo elebiduna izan? Noski ezetz. Ikuspuntua guztiz aldatzen da, izan ere, euskara da hemengo hizkuntza eta Euskal Herria batzen duena. Euskararik ez duzunean hanka motz zaude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide