Agerraldia egin zuten atzo Azkoitiko Gerdau fabrikaren atarian. (Ana Abarisketa)
ELAk deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Azkoitiko Gerdau enpresaren atarian Rosi despidorik ez, Gerdau subrogazioa lelopean. Sindikatuak salatu duenez, fabrikan garbiketa eta garraio lanak egiten dituen Zumaiako Limpieza y Mantenimiento Rosi azpikontratako hamaika langile kaleratu berri dituzte Azkoitian.
Hamaika langile horietatik hamar, joan den astelehenean bota zituzten; beste langileari, berriz, aurretik jakinarazi zioten kaleratzea. "Gerdauk Rosiren logistika arloarekin etetea erabaki du, izan ere, beste enpresa baten eskaintza onartu berri dute", azaldu zuen atzo Zigor Gazpio ELA sindikatuko industria arduradunak.
Kaleratzeak bat-batean izan ziren, izan ere, joan den astelehenean jakinarazi eta kaleratu zituzten hamar langileak. Hurrengo egunean, asteartean, SSI Schaefer azpikontratako ordezko langileak hasi ziren beharrean fabrikan.
Subrogazioa langileentzat
ELAk atzo jakinarazi zuenez, kaleratuen subrogazioa eskatu zion Gerdauko zuzendaritzari, kaltetuek lanpostua galdu ez zezaten, baina "ezezko borobila" jaso zuten. "Kaleratuek sei urtetik gorako antzinatasuna dute Rosi enpresan, eta ez da zilegi bat-batean kaleratzea". Hori dela eta, aurki epaitegietara joko duela iragarri du ELA sindikatuak.
Orain arte Rosi enpresako 40 kide inguruk lan egiten dute Azkoitiko Gerdaun, eta horietatik hamaika kaleratu dituzte orain. Kanporatutako guztiak Azkoitiko bizilagunak dira, etorkinak denak.
CCOO izan ezik, Gerdauko enpresa-batzordea osatzen duten gainerako sindikatu guztiak atxikitu ziren elkarretaratzera. Azkoitiko batzordea honako ordezkari hauek osatzen dute: CCOO, UGT, USO, CSIF, ELA eta LAB.
"Egungo sistema neoliberalaren arauen baitan, kostuak murrizteko, inongo konplexurik gabe suntsitzen dute enplegua multinazionalek", salatu du ELAk; eta gaineratu du langileen eskubideen aurkako "erasoek" mugarik ez dutela.