Santa Kutz komentuan izango dira Udaberria Musikaldiko 25. edizioko kontzertu guztiak. (Ana Abarisketa)
Donostiako Orfeoiak Azkoitiko Santa Kutz komentua bisitatuko du larunbat honetan, XXV. Udaberriko Musikaldiaren barruan. Guztira, 80 musikari eta abeslari izango dira Santa Kutzen, 18:30etik aurrera. «Urtemuga izanda, aproposa ikusi genuen orfeoia Azkoitian izatea», azaldu du Jose Antonio Etxenike Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendariak eta Azkoitiko musikaldiaren antolatzaileak.
Erlijioari lotutako egitaraua prestatu du orfeoiak larunbaterako, entzulearentzat «oso atsegina» dena. Bestalde, eta Santa Kutzek organorik ez badu ere, emanaldirako ekarriko dute bat espreski. Gerardo Rifon arduratuko da tresna hori jotzeaz.
«Toki berezia»
Duela mende laurden sortu zen jaialdia Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, herrialdean musika zabaltzeko asmoz. Horretarako toki «berezien» bila aritu zen aldundia, Santa Kutzeko komentua aukeratuz tartean. Urte hauetan guztietan, izen handiko musikariek bisitatu dute Santa Kutz komentua, hala nola Ainhoa Arteta, Joaquin Achucarro eta Nicanor Zabaleta.
Etxenikek azaldu duenez, «akustika oso ona» du komentuak, eta horrek giro berezia sortzen du bertan.
Urtero legez, herritik komenturako autobus zerbitzua jarri du Azkoitiko Udalak. Komentura joateko autobusa Julio Urkijo kaletik aterako da larunbatean, 18:00etan.
Musikaldiaren lehen saioa joan den larunbatean izan zen, Brillant Magnus Quintet taldearen eskutik. Kontzertu berezia izan zen, izan ere,
Las mañanitas rantxera interpretatuz bukatu zuten jaia. Komentuan bizi diren zortzi mojetatik hiru mexikarrak dira, eta haien omenez abestu zuten abestia.