Bizikidetza Plana egingo du Azkoitiko Udalak, agintaldian zehar garatzeko

Ana Abarisketa 2016ko maiatzaren 6a

Ikuspegi behatokia arduratuko da Bizikidetza Plana garatzeaz. Hiru hilabetean txostena amaituta izatea aurreikusten dute. Eragileen babesa izatea nahi dute, "guztion" plana izan dadin.

[caption id="attachment_298404" align="aligncenter" width="300"]Gorka Moreno, Nekane Larrañaga, eta Maddalen Epelde. (Ana Abarisketa) Gorka Moreno, Nekane Larrañaga, eta Maddalen Epelde. (Ana Abarisketa)[/caption] Azkoitiko Udalak Bizikidetza Plana egingo du, agintaldiak iraun bitartean garatzeko. Horretarako, Ikuspegi-Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren laguntza izango du, erakunde horrek landuko baitu datozen hilabeteetan Bizikidetza Planaren txostena. Gorka Moreno behatokiko zuzendariak azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak: "Gure asmoa da, immigrazioa ikertzeaz gain, hedapena lantzea arlo horretan lanean ari diren eragileekin elkarlana sustatuz". Aurrez ere egin dira halako lanak herrian. Halere, gaur egungo errealitatea aldatu egin dela esan du Nekane Larrañaga Ongizate zinegotziak: "Etorkin batzuk beste herri batzuetara joan dira, beste asko, berriz, Azkoitira etorri dira. Datuak aldatuz doaz, eta herrian bizi dugun errealitatea desberdina da orain. Horregatik, oraingo errealitatearen diagnostikoa egin behar dugu". Morenoren hitzetan, aurretik egindako immigrazio planen kezka nagusia harrera izaten zen; orain, aldiz, integrazioa eta aniztasunaren kudeaketa dira helburu nagusiak. Datozen hiru hilabeteetan Ikuspegi arduratuko da ikerketaz. Behin txostena bukatuta, lan ildoen proposamena aurkeztuko dio udalari, agintaldia amaitu aurretik garatzeko. Maddalen Epelde ikerlaria arduratuko da txostenaz. Azkoitian immigrazioak izan duen bilakaera azterduko du hark, eta elkarteekin bildu ondoren, planaren nondik norakoak aztertuko ditu. Finean, immigrazioaren ikuspegitik herriko arazo eta erronka nagusiak zeintzuk diren aztertuko ditu Epeldek. "Gauzak aldatu egin dira, eta zentzu horretan aurrerapausoak eman behar ditugu. Geroz eta gehiago dira etorkinen seme-alabak izan arren, etorkinak ez direnak, Azkoitian jaio dira". Hori dela eta, "aniztasunaren kudeaketa lantzen duen plan bat" egitea dute helburu. Herriko errealitatearen "argazkia" egiteaz gain, jarduerak planteatuko dituzte: "Zer dagoen esateaz gain, elkarbizitza hobea izan dadin zer aldatu aztertuko dugu". Horretarako, proiektu "xumea" egingo dute, baina "bideragarria", era berean.

Herritarren laguntza

Ikuspegiren asmoa da plan parte-hartzaile bat izatea. "Hasieratik beharko dugu herriko eragile eta elkarteen laguntza. Plan hau guztiona izatea nahi dugu", esan zuen Morenok. Urtarrileko datuen arabera, 961 etorkin bizi dira Azkoitian, %8a, gutxi gorabehera. Jatorriari dagokionez hiru multzo nagusi daude: marokoarrak, pakistandarrak eta aljeriarrak. 11.500 biztanle ditu udalerriak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide