
Bertsozaleen gustura prestatu du Erniarraitzek II. Erniarraitz Bertso Kopa. Hamar bertsolari gazte igoko dira bihar Matadeiko oholtzara, 22:00etatik aurrera. Saioa elkarteko lau gaztek antolatu dute, eta festa izatea nahi dute.
Entzulea ere saioaren atal garrantzitsua izango da bihar. Horregatik, epaimahaiko kideak beraien artean jarrita egongo dira. Kantuan arituko diren hamar bertsolariei dagokionez, bi izango dira herrikoak: Asier Garate Txibilter eta Unai Izagirre. Eskualdeko bakarrak dira.
Bigarrengoz antolatu du Erniarraitz Bertsozale Elkarteak Bertso Kopa Azkoitian. Aurrenekoa duela bi urte egin zuten. Elkargunean kantatu zuten bertsolariek. Saioa polita izan bazen ere, «hotza» egin zitzaien elkartekoei eta horrexegatik erabaki dute aurten Matadeixen izatea. Orduan eta orain, halere, helburua bera da: bertso saioak herrian antolatzea.
Bi orduko iraupena izango Bertso Kopak, gutxi gorabehera, eta bost euroren truke lor daitezke sarrerak. Matadeixen bertan erosi beharko da hasi aurretik.
Lanak, hiru fasetan
Saioa hiru fasetan banatuko da: lehendabizikotik, sei bertsolari pasatuko dira bigarren fasera, eta, hortik, bukaerara, bi.
Bihar honako lan hauek izango dira bertsolariek egin beharrekoak atal bakoitzean: Hastekoi, zortziko handian ofizio bat abestu beharko dute, baita bi punturi erantzun ere; bigarren atalean, zortziko txikian ofizio bat sortu, koplatan egin eta bi hitz bertso batean lotzen saiatuko dira; azkenik, hamarreko txikian ofizio bat abestuko dute, puntutako saio bat osatu eta hitz bati bertsoa bota.
Lan horiek bukatu ostean erabakiko da II. Erniarraitz Bertso Kopako irabazlearen izena.