Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ur hornidura eta azpiegituren saneamendua egingo dira. Gipuzkoako Urak arduratuko da obrak zuzentzeaz. Ekainaren erdian hastea aurreikusten dute.
Azkoitiko Udalak bideratuta ditu San Martingo eta Inazio Iriarteko saneamendu eta horniketa sareak berrituko dituen bi proiektuak. San Martin auzoan, Rikardo Otaño, Ama Josefa eta Jose Egino kaleetan egingo dira lanak. Obrak 403.392 euroko -BEZa barne- kostua izango dute, eta udala eta Gipuzkoako Urak arduratuko dira finantziazioaz.
Gipuzkoako Urak arduratuko da lizitatzioez, horiek esleitzeaz eta zuzentzeaz. Joan den astean atera ziren lehiaketara San Martinen egingo diren lanak, eta aste honetan aterako dira Inazio Iriarteko 9 eta 23 zenbakikoak.
Inazio Iriarteko lanen aurrekontua 226.801eurokoa da. Gipuzkoako Urakek jarriko ditu 101.757 euro, eta gainerakoa Azkoitiko Udalak ordainduko du. Rikardo Otaño, Ama Josefa eta Jose Egino kaleetako lanei dagokienez, 176.591 eurokoa da kostua; horietatik 84.943 Gipuzkoako Urak ipiniko ditu, eta udalak beste 94.632 euro.
San Martingo eta Inazio Iriarteko lanak ekainaren erdian hastea aurreikusten dute. Orain, maitzaren 14a arte jasoko ditu proposamenak udalak. Ondorengo hamabost egun beharko dituzte lanak ixteko, eta amaitutakoan hasiko dituzte obrak.
Bi auzo horietako lanen helburu nagusia da hondakin-uren eta euri-uren sareak banatzea, izan ere, bateratuta daude orain. Obrei esker, matxurak murriztuko dira, ur galerak saihestu eta usain txarrak eta filtrazioak gutxitu.
Hobetzea xede
Rikardo Otaño, Ama Josefa eta Jose Egino kaleetan 567 metro lineal hoditeria berrituko dira, eta beste 700 metro Inazio Iriarte auzoan.
Bestalde, lan horiek aprobetxatuko dira Inazio Iriarteko asfaltoa eta Rikardo Otaño, Ama Josefa eta Jose Egino kaleetako espaloiak konpontzeko.
Elkarlan hitzarmena
Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Urakek elkarlanerako hitzarmena sinatu dute bakoitzaren erantzukizunak zehaztuz. Gipuzkoako Urakek datozen hamar urteetan 1.291.980 euro –BEZa barne– inbertitzeko konpromisoa du. Hala adostu zuten kontsorzioak Azkoitiko uraren ziklo integralaren kudeaketa bere gain hartu zuenean.
Ur kontsozioak urtez urte adostuko du inbertsio plana udalarekin. Hitzarmenean adostu dutenez, kontsortzioa arduratuko da aurrerantzean Gipuzkoako Urakek egin beharreko lanak urbanizazio proiektu zabalago batean txertatzen direnez, kontsortzioa arduratuko da prozesuak lizitaziora ateratzeaz, lanak optimizatzeko eta azkartzeko.