Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Udalak 19.000 euro gehiago bideratuko ditu gazteei alokairua ordaintzeko diru-laguntzak ematera. Hala erabaki zuen Azkoitiko Udalbatzak asteazkeneko batzarrean. Udal gobernuak kreditu aldaketa eskatu du, izan ere, iaz baino gazte gehiagok egin dute laguntza honen eskaera aurten. Hori dela eta, ez zen nahikoa aurrez gordetako 50.000 euroko poltsa.
Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak batzarrean jakinarazi zuenez, aurreko urtean 45.330 euro bideratu zituen udalak laguntza horretara, eta hemezortzi diru laguntza onartu ziren.
26 eskaera aurten
Halaber, gora egin du eskaera kopuruak aurten. Guztira, 26 eskari jaso dira udalean, aurreko urtean baino zortzi gehiago. Azkoitiak esan zuenez, baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak onartu nahi ditu Udal Gobernuak, eta horretarako, 19.000 euro gehitu behar zaizkio hasierako 50.000 euroko poltsari.
Kreditu aldaketaren alde bozkatu zuten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk. Irabazi Azkoitia Bai abstenitu egin zen.