Mikel Cabello, Javier Zubizarreta, Juanjo Alvarez eta Nekane Larrañaga. (Ana Abarisketa)
Azkoitiko Udalak 2016-2019 agintaldirako abiatu duen Gobernantza Onaren Estrategia eta Zuzentasun Instituzionalaren Plana aurkeztu zituen atzo udaletxean. Azaldu zutenez, Globernance-Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren laguntza izango du bide horretan.
Institutu horretako zuzendari Juanjo Alvarezek eta enpresako kide Mikel Cabellok parte hartu zuten Azkoitiko agerraldian, Javier Zubizarreta alkatea eta Nekane Larrañaga zinegotziarekin batera. Alkateak esan bezala, "zerbitzu publikoen kudeaketa eginkorra gauzatuz Azkoitiko gobernantza onaren sistema eraikitzea" da plangintza horren helburua.
Argitu zutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Gobernantzaren erronka berriak Gipuzkoarako jardunaldietan parte hartuko dute udal ordezkariek. Saio horiek hilaren 29an izango dira, eta "zuzentasun instituzionala" eta "jokabide etikoak" izango dituzte hizpide saio horietan.
Herritarren parte-hartzeari dagokionez, 2004. urtetik hasi eta gaur egunera bitartean herrian bultzatutako prozesuak zerrendatu zituzten: Elkargunea, 2004an; bizikidetzaren ingurukoa, 2008an; Azkoitia eta Zumarraga arteko bidearen proiektua, 2009-2010 artean eta aurrekontu parte-hartzaileak 2013an eta 2014an. Iaz hondakinak biltzeko sistemaren inguruan egindako herri galdeketa ere aipatu zuten zerrenda horren barruan.
Ekintza planak
Juanjo Alvarez Globernance Institutuko zuzendariak eman zuen datozen ekintzen berri. Hala, aurtengo lan ildoak hiru fasetan banatu dituzte. Aurrenekoa uda aurretik garatuko dute, eta, beste biak, ondoren.
Parte hartze prozesuen identifikazioa eta ebaluazioa egingo dute aurrena. Bigarrengo aldian, 2004an onartutako udal araudiaren berrikuspena garatuko dute. Araudi hori "eguneratu" egingo dutela aurreratu zuen Alvarezek. Era berean, formakuntza saioak jasoko dituzte udal arduradunek atal horretan. Azkenik, eta hirugarren fasean, prozesuak definituko dituzte. Puntu horretan erabakiko dute herritarren parte-hartzea nola garatu udal agintaldian.