Igandean jokatuko da Azkoitian distantzia motzeko XVII. duatloia

Ana Abarisketa 2016ko apirilaren 12a

10:30ean hasiko da Azkoitiko proba, plazatik. Atzo gauean amaitu ziren izen-emateak. Parte-hartzaileek hamar kilometro egingo dituzte korrika, 34 bizikletan eta beste 4,5 lasterka.

[caption id="attachment_294319" align="aligncenter" width="300"]Ander Agirrek eta Lourdes Oiartzabalek irabazi zuten iaz Azkoitiko duatloia. (Eneritz Albizu lizaso) Ander Agirrek eta Lourdes Oiartzabalek irabazi zuten iaz Azkoitiko duatloia. (Eneritz Albizu lizaso)[/caption] Azkoitiko duatloiaren atzerako kontaketa hasi da. Igande goizez izango da hitzordua, 10:30etik aurrera. Azkoitri Triatloi Taldeko kideak azken egunetako prestaketak egiten hasi dira jada. Aitor Benitez Tertzio taldeko kidea dabil buru-belarri horretan, izan ere, bera da lasterketaren koordinatzaile orokorra: "Azken egunetan izaten dugu lan gehien, dena itxi behar izaten dugu-eta". Janari eta edariak jaso, Azkoitiko eta Zumarragako udalekin trafikoa ixtea zehaztu, sariak bildu, boluntarioak lotu... Probari begira, honako lanak egingo dituzte parte-hartzaileek igandean: hamar kilometro korrika, 34 bizikletan eta beste 4,5 lasterka. Azkoitiko plazan hasiko da lasterketa, 10:30ean, eta leku berean bukatuko da. Bizikletaz, Zumarraga eta Urretxura joan beharko dute txirrindulariek, bide hori itxiz egunean bertan. Maila orokorreko irabazleek, emakumeek zein gizonek, garaikurra eta 200 euro jasoko dituzte; bigarrenek, garaikurra eta 150 euro; eta hirugarrenek, garaikurra eta 100 euro. Horrez gain, maila bakoitzeko irabazleek izango dute garaikurra, eta taldeka lehena sailkatzen direnek garaikurra eta 100 euro eskuratuko dituzte. Bestalde, distantzia motzeko Gipuzkoako txapelketa ere izango da Azkoitiko duatloia. Beraz, lehen hiru sailkatuek garaikur bana jasoko dute, emakume zein gizon. Partaide eta boluntarioen artean zozketak egingo dituzte. Azken hauen taldea ere osatu dute dagoeneko, eta 65 lagun inguruk zainduko dute lasterketa. Horietatik 30 bat dira Azkoitri taldekoak, Benitezek azaldu bezala. Guzti horiek peto horia, txistua eta bandera eramango dituzte soinean. Bestalde, Gurutze Gorriko bi anbulantzia egongo dira ibilbidean zehar. Inskripzioa itxita Atzo izan zen lasterketan izena emateko azken eguna, gaueko hamabiak arte izan zen hori. Guztira, 140 lagunek eman zuten izena Triatloi.org webgunean. Egunean bertan ezingo da izena eman. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie babesle guztiei aldez aurretik.

Egitaraua

Igandea, apirilak 17 08:15. Dortsalak jasotzen hasiko dira parte-hartzaileak, plazan. Horiek jasotzeko epea 09:45ean bukatuko da. 10:30. Lasterketa hasiko da, plazan. Gizonak hamar minutura hasiko dira, 10:40ean, plazatik bertatik. 13:40. Lasterketaren amaiera, plazan. 14:00. Sari banaketa hasiko da, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide