Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Floreaga Ikastetxeak eta hango Gurasoen Elkarteak, Azkoitiko Udalaren babesarekin, XXVII. Euskal Kultur Jardunaldiak antolatu dituzte beste behin. Bihar hasiko da hitzaldi sorta, Felix Azurmendi herriko erretorearen eskutik. Azken urteetan hartu dute ohitura erlijioari lotutako gaiak lantzeko jardunaldietan. "Floreaga kristau eskola da, eta horregatik lantzen dugu gaia", azaldu du Juan Inazio Sudupe ikastetxeko irakasleak.
Azkoitiko erretorea Teologia Espiritualean lizentziatua da, Teresianum Teologia Unibertsitate Pontifizioan. Donostiako eliz-barrutiko gazteen pastoraltzako arduraduna da bera, Gizakia Helburu proiektuko zuzendaria eta Caritaseko ordezkaria eta bikario nagusia izandakoa da. Joan den abenduan honako liburua kaleratu zuen: Oracion y experiencia de Dios. Pedagogia teresiana.
Aurtengoa Kultur Jardunaldien XXVII. edizioa izango da. Antolatzaileen helburua da herritarrei eztabaidarako foro bat eskaintzea eta lantzen dituzten gaien inguruko hausnarketa bultzatzea. Hastapenetan ere helburua parekoa zen, Suduperen hitzetan: "Orduan handiagoa zen horrelako jardunaldiak egiteko premia; orain, aukera gehiago daude. Matadeiko Bebarruko Jardunek hasi berri dira, esaterako".
Euskal kulturari begira
Teologiaz gain, herri-kirolak edota hedabideak eta euskara ere landuko dituzte, azken hau Kike Amonarriz eta Reyes Prados kazetariaren eskutik. Moderatzaile lanak Jose Luis Arrizabalagak egingo ditu. Amonarrizek ezagutzen du Floreaga: "Duela urte batzuk DBHko ikasleei hitzaldi bat eman zien euskararen eguneroko erabilpenaz. Benetan gogoangarria izan zen egun hura".
Kirolari begira, mundu mailako ospea duten kirolak alde batera utzi, eta bertakoa landuko dute. Mahai inguruan parte hartuko dute: Jose Luis Lete Elosukorta eta Jon Unanue azkoitiarrek eta Joxe Mari Olasagastik.
Egitaraua
Saio guztiak Floreaga ikastetxeko On Bosco aretoan izango dira. Sarrera doan izango da.
Bihar, apirilak 720:00. Jainkoaren esperientzia gaur, otoitza eta pedagogia hitzaldia emango du Felix Azurmendi Azkoitiko erretorea denak.
Apirilak 13, asteazkena20:00. Gure kirolak izenburupean mahai ingurua osatuko dute Joxe Mari Olasagasti, Jose Luis Lete Elosukorta eta Jon Unanue kirolariek herri-kirolak hizpide hartuta.
Maiatzak 19, osteguna20:00. Euskara eta telebista landuko dute Kike Amonarrizek eta Reyes Prados kazetariak.