Maiatzaren 8ra arte luzatuko dira Bebarruko Jardunek Azkoitian

Ana Abaisketa 2016ko apirilaren 5a

Joan den larunbatean hasi ziren Bebarruko Jardunek Azkoitian. Maiatzaren 8ra arte bitartean kontzertuak, tailerrak, ikus-entzunezkoak eta hitzaldiak izango dira Matadeixen.

[caption id="attachment_292960" align="aligncenter" width="300"]Ibon Gerrak eta Unai Martinezek osatzen dute Kaluse taldea. (Alberto Beloki) Ibon Gerrak eta Unai Martinezek osatzen dute Kaluse taldea. (Alberto Beloki)[/caption] Udaberriarekin batera iritsi dira, beste behin, Bebarruko Jardunek Azkoitira. Matadero Ekintzak antolatuta, hilabete pasatxoz luzatuko dira ekintzak Matadeixen. Joan den larunbatean inauguratu zuten egitaraua hiru kontzerturekin. Aurrera begira, beste bost taldek hartuko dute Matadeiko oholtza, hil osoan zehar. Hogei urte beteko ditu ekainaren bukaeran Azkoitiko Matadeixek, eta hasieratik antolatzen dituzte Bebarruko Jardunek. Ondorioz, Matadeixen jotzeko eskaintza ugari izaten dituzte  taldeen partetik. Aukeraketa egiterakoan, halere, argi dituzte irizpideak antolatzaileek: "Saiatzen gara taldeak ahalik eta berezienak izaten", azaldu du Matadero Ekintzak taldeko Alots Arregik. Datorren kontzertuak hilaren 16an izango dira, orduan oholtzaratuko dira Donostiako Hyedra taldea eta Azpeitiko Kaluse. Joan den urtean kaleratu zuten azpeitiarrek beraien lehen diskoa (Kaluse, 2015). Ibon Gerra bateria joleak eta Unai Martinez gitarra jotzaileak osatzen dute taldea. Matadeixen jotzeko gogoz daude azpeitiarrak. «Iruditzen zaigu taldeak zaintzen dituzten toki bat dela Matadeixe», azaldu du Martinez taldekideak. Musikari handiei begira Aurrenekoz, Melomania izeneko musika dokumental zikloa estreinatuko dute ikus-entzunezkoetan. Ibilbide luzeko sei musikari aukeratu dituzte, eta haiei buruzko dokumentalak emango dituzte. "Musikari horietako batzuk oso ezagunak dira, eta, beste batzuk, merezi dute ezagutzea", dio Arregik. Horrez gain, Matadeixen "identitatea" erakusten dutela dio. Musikaz gain, bi hitzaldi prestatu dituzte. Horietako batek feminismoa izango du hizpide, Jokin Azpiazuren eskutik. Gizonek mugimendu feministaren barruan izan duten inplikazioa aztertu du adituak. Beste hitzaldia txalaparta digitalaz izango da, eta Enrike Hurtado musika ikertzaileak gidatuko du saioa. Sormena lantzeko tailerra ere prestatu dute. Leire Arenas azpeitiarrak emango ditu hiru igandez, eta liburu-koadernaketa landuko du. Hain justu, Arenasek berak eta Arregik sortu dute aurtengo jardunen kartela. EGUTEGIA KONTZERTUAK Apirilak 16. Kaluse eta Hyedra, 23:00etan. Apirilak 19. Gnod, 21:30ean. Apirilak 29. Tooth eta Meido, 23:00etan. HITZALDIAK Apirilak 26. Gizonak eta feminismoa, elkarrekin eta nahaspilan izenburupean, 19:00etan. Apirilak 30. Txalaparta digitala: Softwarea garatuz egindako azterketa hitzaldia, 17:00etatik aurrera. ZINEMA, melomania dokumental zikloa Apirilak 6. Heaven Adores You, 21:30ean, Matadeixen. Elliott Smith musikari estatubatuarrari buruz. Apirilak 13. Let´s Get Lost, 21:30ean, Matadeixen. Chet Baker tronpetajoleaz dokumentala. Apirilak 15. Corners of the world, 22:00etan, Baztartxon. Rudnik Eugeniuszen bizitza hartzen du hizpide dokumentalak. Apirilak 20. Finding Fela, 21.30ean, Matadeixen. Fela Kuti Nigeriako musikariaz dokumentala. Apirilak 27. David Bowie: Five years, 21.30ean, Matadeixen. Joan den urtarrilean zendu zen Ingalaterrako musikariaren biografia lantzen du lanak. Maiatzak 6. Tu voz entre otras mil, 22:00etan, Baztartxon. Antonio Vegaren bizitzan sakontzen du obrak. TAILERRAK Apirilak 24, maiatzak 1 eta maiatzak 8. Enkuadernazio tailerra, Ane Arenas azpeitiarraren eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide