Azkoitiko Udalak diru laguntzak emango ditu Alde Zaharreko lokal komertzial hutsei erabilera emateko. Era berean, belaunaldien arteko aldaketak bermatzea ere nahi du udalak. Diru laguntza horiek alokairua ordaintzeko izango dira, eta, gehienez, 20.000 euro bideratuko ditu, 2016ko udal aurrekontuetan aurreikusi bezala.
Laguntzak honakoei zuzenduta daude: txikizkako merkataritza, pertsonei zuzenduriko enpresei eta merkataritza aldetik gunea suspertzen lagunduko duten bestelako proiektuei.
Hiru urte gutxienez
Diru laguntzak eskuratzeko gutxienez hiru urteko iraupena izan behar du alokatze-kontratuak. Aurreneko urtean %75eko laguntza emango du udalak alokairua ordaintzeko, 300 euro hilean gehienez. Bigarren urtean, %50ekoa izango da, eta 250 euroko laguntza izango du gehienez onuradunak. Hirugarrengoan, %25eko dirulaguntza emango da, 125 euro gehienera jota.
Diru laguntzak balorazio irizpideen arabera banatuko dira. Besteak beste, aintzat hartuko da proiektuaren originaltasuna, aurreikusitako inbertsioa, sortuko diren lanpostuak, alokairuaren prezioa eta euskararen presentzia.
Eskaerak Azkoitiko udaletxean aurkeztu beharko dira 30 eguneko epean.