300 ume inguruk astinduko dituzte danborradak Azkoitian

Ana Abarisketa 2016ko martxoaren 18a

Aurrenekoz, Balda plazatik hasiko da umeen danborrada, apirilaren 2an, 17:30ean. 300 gaztetxok parte hartuko dute, eta sei konpainia izango dira guztira.Apirileko lehenengo larunbatean egingo dute umeen danborrada Azkoitian, apirilaren 2an. Guztira, 30...

Aurrenekoz, Balda plazatik hasiko da umeen danborrada, apirilaren 2an, 17:30ean. 300 gaztetxok parte hartuko dute, eta sei konpainia izango dira guztira.

Apirileko lehenengo larunbatean egingo dute umeen danborrada Azkoitian, apirilaren 2an. Guztira, 300 gaztetxo inguruk parte hartuko dute ekitaldian. Sei konpainiatan banatuta, danborrak eta upelak astinduko dituzte bi orduz, gutxi gorabehera. Konpainia bakoitzean, berriz, 30 eta 40 ume artean izango dira.

Badu berritasunik aurtengo umeen danborradak. Aurrenekoz, Balda plazatik hasiko da desfilea, 17:30ean. Toki horretan bertan elkartuko dira ordu erdi lehenago parte-hartzaileak, 17:00etan, bakoitzak bere tokia hartu, eta danborrak berotzen hasteko.

Beti bezala, koilara eta sardexka handiak eskuan hartuta gidatuko du gazte talde batek danborrada, eta haien atzetik joango dira danborjoleak. Balda plazatik ohiko ibilbidea egingo dute, urteroko geldialdiak eginez. Herriko kaleak zeharkatu ostean Balda plazara itzuliko dira berriz, bizpahiru kantu jotzeko; Plaza Berrin Xoxote abestia joko dute izen bereko elkartearen omenez, baina pausoa gelditu gabe egingo dute hori.

Geldialdirik luzeena herriko plazan izango da, bost abesti joko dituzte udaletxe aurrean. Handik Umore Ona elkartera joango dira hamarkadaz-hamarkada errepikatzen den mokadu bat egiteko. Indarberrituta, elkartearen izen berdina daraman kantua joko dute. Gurea pilotalekuan bukatuko dute danborrada.

Jantziak berritzen

Joan den urtean hasi ziren umeen danborradako jantziak berritzen. Asmoa da urtez urte konpainia bat berritzea, pixkanaka. Aurtengoan, zalduntxoen konpainia batuko da, hain zuzen. Ane Larrañaga azkoitiarrak diseinatu du jantzia, baita iazko pilotariena ere. Sortzaile gaztea herriko txistularietan inspiratu zen jantzia sortzerakoan. Herriarekin duten loturagatik erabaki zuten udaleko eta Umore Onako ordezkariek zalduntxoen omenezko jantzia sortzea. Bi koloreditu jantziak: granatea eta grisa.

Berrikutza hori dela eta, honako jantzi hauekin aterako dira aurten konpainiak: Baserritarrak, napoleonak, zalduntxoak, pelotari urdinak eta gorriak eta baserritarrak. Datorren urtera begira, abarketarien jantzia sortzea aurreikusita dute.

Eguraldiari begira

Eguraldiak zeresan handia ematen du beti heldu zein gazteen danborradetan. Azkoitiko umeen danborrada bertan behera ere gelditu izan da euriaren ondorioz. Apirilaren 2an eguraldi txarra egingo balu, megafoniaz jakinaraziko lukete antolatzaileek danborrada bertan behera gelditu dela, 16:00etan. Kasu horretan, eta hurrengo egunerako aurreikuspena hobea balitz, igandera atzeratuko lukete, apirilaren 3ra. Hala bada, goizez egingo litzateke, 11:30ean.

Iaz, urrezko ezteiak bete zituen Azkoitiko gaztetxoen desfileak. Guztiz eraberrituta, sasoi onean jarraitzen du elkarteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide