Aste Santuko prozesioa Azkoitian. (Joaquin Sudupe)
Datorren igandeko Erramu Igandearekin hasiko dituzte Aste Santuari lotutako ekitaldiak Azkoitian. Ostiralean, halere, Ama Doloretako Eguna ospatuko dute Goiko Kaleko San Frantzisko baselizan. Ekitaldi horretan XVIII. mendeko euskara eta gaztelania nahasten dituen salbea abesteko ohitura dute oraindik. "Garai batean oso kultutzat jotzen zen bi hizkuntzak nahastea", dio Juan Bautista Mendizabal historialariak.
Erramu Igandeko ospakizunen ostean, astebetez luzatuko dira zereginak herrian, eta erlijio tradizioak hartuko ditu herriko kaleak, beste behin: "Azkoitiko Aste Santuaren ederrena da, ohiturak iritsi bezala mantentzen direla". Herriko kronista duela 36 urte hasi zen Aste Santua antolatzen, eta geroztik "denetik" ikusi du Mendizabalek: "Egun horiek beti dira hunkigarriak". Halere, ez da antolakuntzako kide bakarra: "Eskertzekoa da taldean hainbeste lan egiten duten gizon eta emakumeen esfortzua, adinekoak dira asko, gainera".
Ostiral Santuko prozesioa da oihatzun gehien duen ekitaldia. Mendizabalen arabera, XVI. mendean ere egiten zen prozesioa. Hamahiru pauso izaten dira denera, eta guzti horiekin egiteko ohiturari eusten zaio oraindik. Azken urteetan gero eta gehiago dira prozesioa ikustera etortzen diren bisitariak: "Kanpotik jende asko etortzen da prozesioa ikustera, baina herritar asko ere kanpora joaten da", dio. Parte-hartzea urtez urte aldatzen dela dio Mendizabalek, eta eguraldiak zeresan handia duela horretan. Irudiak Santa Klara elizan gordetzen dituzte urtean zehar.
Herritar asko iluntzerako zain egoten direla azaldu du Mendizabalek: "Lehen esaten zen antxoak jateko aprobetxatzen zutela herrian". Ama Doloretakoa eta zerraldoaren pausoekin bakarrik egingo dute bidea Frederic Chopinen hileta martxa bidelagun dutela, parrokiatik hasi eta Goiko Kaleraino: "Denetariko herritarrek parte hartzen dute prozesioan, eta oso-oso hunkigarria izaten da".
Goiko Kalean
Agur Doloretako Ama abestuko dute, eta baseliza barrura sartuko dute zerraldoa, hurrengo urtean berriro ateratzeko.
Egitaraua
Martxoak 20, igandea
11:00. Erramu Bedeinkazioa plazan, prozesioa eta meza nagusia.
Martxoak 24, osteguna
11:00. Parrokian haur eta gaztetxoentzat ospakizuna eta bisita gidatua.
12:30. Bisita gidatua parrokian: Parrokia eta Aste Santuko irudiak izenburupean.
17:00. Meza, Santa Klarako elizan (gaztelaniaz).
19:00. Jesusen afariaren ospakizun meza parrokian.
21:00. Otoitzaldia: Ordu Santua.
Martxoak 25, ostirala
09:00. Eliza irekiko da gogoeta eta bisitetarako.
11:00. Gurutze Bidea.
12:30. Bisita gidatua Azkoitiko gune historikoan (multzo monumental kalifikatua). Irteera eliz atari aurretik izango da.
16:00. Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan (gaztelaniaz).
17:00. Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna eta prozesioa parrokian.
21:30. Hilobirako Prozesioa.
Martxoak 26, larunbata
20:00. Pazko gaubeila, Santa Klarako elizan (gaztelaniaz). Sua, pazko-suzia eta uraren bedeinkazioa. Berpizkunde Meza.
21:00. Pazko gaubeila parrokian. Sua, pazko-suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde Meza.
Martxoak 27, igandea
11:00. Pazko meza nagusia, parrokian.