Emusik jaialdian parte hartuko du Bizkargik, Donostia 2016ren barruan

Ana Abarisketa 2016ko martxoaren 15a

Europako musika eskola desberdinetako 5.000 musikarik parte hartuko dute Emusik jaialdian. Azkoitian ere musika emanaldiak eskainiko dituzte, maiatzaren 6an eta 7an.

Mari Jose Arregi Bizkargi Eskolako zuzendaria, Mikel Mate Donostiako Musika Eskolako kudeatzailea eta Imanol Gallego Donostia 2016ko prentsa arduraduna. (Azkoitiko Udala) Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako ikasleek Emusik jaialdian parte hartuko dute. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren egitarauaren barruan kokatuta dago egitasmoa, eta 26 herrialdetako 5.000 musikarik parte hartuko dute bertan, gutxi gora behera. Azkoitiko musika emanaldiak maiatzaren 6an eta 7an izango dira, eta Europako hamaika herrialdetako musika eskoletako gaztetxoek bisitatuko dute Azkoitia. Egun horietako musika emanaldiak Balda plazan egingo dituzte. Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak hilabeteak daramatza proiektua garatzen, Donostiako Musika Eskolarekin elkarlanean. Hiriburuko musika eskola da egitasmoaren antolatzailea, eta Azkoitikoaren babesa izan du hasieratik, hala nola, antolakuntzan edota parte-hartzea bultzatzen. Joan den astean Azkoitia bisitatu zuten Mikel Mate Donostiako Musika Eskolako kudeatzaileak eta Imanol Gallego Donostia 2016ko prentsa arduradunak. Mari Jose Arregi Bizkargiko zuzendariarekin bildu ziren Elkargunean kokatzen den eskolan bertan, egitasmoari babesa eman eta lotu beharreko azken xehetasunak zehazten joateko.

Estreinua, maiatzaren 6an

Emusik jaialdiaren inaugurazio kontzertua Donostiako Illunbe zezen-plazan izango da maiatzaren 6an, eta 9.000 musikarik parte hartuko dute. Horietatik 5.000 Europako herrialdetako 160 musika eskoletatik etorriko dira, eta beste 4.000 lagun, Euskal Herriko eskoletakoak. Bizkargi Musika eta Dantza eskolako Dantza Taldeak eta Gazteen Abesbatzak ere parte hartuko du aurkezpenean. Guztira, 60 ikasle inguru izango dira Donostian. Behin aurkezpena amaitutakoan, herrialdeko udalerrietan jarraituko dute saioek: maiatzaren 6an, arratsaldez, eta, 7an goizez. Egun horretan bertan egingo dute Emusik jaialdiaren azken ekitaldia Donostiako Zurriolan.

Bukatu da Taldez Talde

Bestalde, joan den igandean bukatu zen XVII. Taldez Talde jaialdia. Azken hiru igandetan Kontzejupea bete dute Bizkargi Musika Eskolako ikasleek. Azken saioan abeslariek hartu zuten oholtza, Iraurgi Abesbatzakoekin elkarlanean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide