Zabale baserriaren atzeko aldea. (A.Abarisketa)
Urrategira bideko bi lursail enkantean jarriko ditu Azkoitiko Udalak. Zabale baserriaren atzeko aldean daude kokatuta lur horiek, Urrategi auzora bidean. Astelehenean egin zuen Azkoitiko Udalbatzak ezohiko batzarra, eta orduan onartu zuten lurrak salgai jartzea. Alde bozkatu zuten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk; Azkoitia Baik, berriz, kontra egin zuen.
Lursailak hirugarren sektorera edo zerbitzuen erabilerara bideratzea eskatu du Azkoitiko Udalak.
6.000 metro koadro inguru
Hiri Antolaketako Arau Ordezkatzaileen arabera, 32 sektoreko B1 eta B2 bezala izendatuta daude lur zati horiek. Horrez gain, bizitokigune bezala edota jarduera ekonomikoetarako erabili daitezke, kalifikazio mistoa dute eta. Lur eremu horietako batek, 4.298 metro koadroko zabalera du, eta plantan 1.800 metro koadro har ditzake gehienez. Beste lur eremuak, 2.395 metro koadro ditu, eta 300eko okupazioa du baimenduta.
Oinarri gisa, 759.521,46 euroko prezioa ezarri du udalak bi lursailentzat. Halaber, enkantean erosten duenak ordaindu beharko ditu urbanizazio lanak, nahiz eta Azkoitiko Udala arduratuko den lan horiek adjudikatzeaz.
Gipuzkoako Argitalpen Ofizialean datorren asteburuan argitaratuko dute oharra. Erosteko interesa dutenek orduan izango dute beraien proposamenak aurkezteko aukera. 30 lan eguneko epea izango dute horretarako.