Igoerari begira garaipen garrantzitsua lortu du Anaitasunak

Ana Abarisketa 2016ko martxoaren 8a

Bi eta bat irabazi zion Anaitasunak Tolosari larunbatean. 'Gorrixek' aurreneko postuan daude ordutik, 51 punturekin.

Garaipen garrantzitsua lortu zuten gorrixek larunbat arratsaldean, Txerloian. (Maialen Arzalluz) Garaipen garrantzitsua lortu zuen Anaitasunak Tolosaren aurka joan den larunbatean, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Atsedenaldiaren aurretik bi gol egin zituen Igor Quindosek zuzentzen duen taldeak. Neurketa amaitzeko hogei minuturen faltan egin zuen Tolosak bi eta batekoa, baina ez zen gehiago aldatu markagailua. Azkoitiarrak dira lider orain Gipuzkoako Ohorezko Mailako txapelketan, 51 punturekin. Tolosa da bigarrena, 48 punturekin. Mutrikuk 46 puntu ditu.

Azken unera arte lehian

Liga aurreneko postuan bukatzen badu Anaitasunak, igoera zuzena lortuko du Espainiako Hirugarren Mailara. Aldiz, azken partidaren ondoren bigarren postuan izanez gero, igoera fasea jokatu beharko dute Bizkaiko eta Arabako ligetan bigarren gelditu diren taldeen aurka.

Egutegia

Falta diren partidak Martxoak 12, larunbata. Zarautz-Anaitasuna. Hitzordua Zarauzko Asti Futbol Zelaian izango da, 16:00etan. Martxoak 19-20. Anaitasuna - Oiartzun. Apirilak 9-10. Real Union - Anaitasuna. Apirilak 16-17. Anaitasuna - Martutene. Apirilak 23-24. Aloña Mendi - Anaitasuna. Apirilak 30-Maiatzak 1. Anaitasuna - Elgoibar. Maiatzak 7-8. Beti Gazte - Anaitasuna. Maiatzak 14-15. Anaitasuna - Orioko. Maiatzak 21-22. Hondarribia -Anaitasuna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide