Oinartxoko lixibiatuen lanak Azkoitia Lantzenen ardura direla berretsi du Gorenak

Ana Abarisketa 2016ko martxoaren 9a

Oinartxo zabortegiko lur kutsatuen kostua ordaintzea Azkoitia Lantzeni dagokiola berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. 2,5 milioi eurotik gora ordaindu beharko ditu sozietate publikoak.

EH Bilduren agerraldia, Elkargunean. (Ana Abarisketa) Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Azkoitia Lantzen udal sozietate publikoari dagokiola 2009tik Oinartxo eremuko lur kutsatuen kostua ordaintzea. EH Bilduk eman zuen herenegun epaiaren berri, Azkoitiko Elkargunean. Azaldu dutenez, epaiaren arabera 2,5 milioi euro baino gehiago ordaindu beharko dizkio Azkoitia Lantzenek Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, 2012tik gaur arte kopuru hori gastatu du Jaurlaritzak kutsatutako lur horiek garbitzen. 2009an erosi zizkion Azkoitia Lantzenek Hierros Eguinori (Oñeder SL) Oinartxo eremuko lur batzuk, Asier Aranbarri Azkoitiko alkate eta Azkoitia Lantzeneko lehendakaria zenean. Ur lixibiatuen ondorioz kutsatuta zeuden lur horiek: "Ur lixibiatuak zabortegitik datozen urak dira, oso kutsakorrak, eta ur horiek tratatzeak kostu handia du, materia oso toxikoa izanik trataera iraunkorra behar dutelako", azaldu zuten EH Bilduko ordezkariek astelehenean, eta zera gehitu: "Arrazoia argitu gabe dagoen arren, Azkoitia Lantzenek lur horiek erosi egin zituen". Azkoitiko EAJk atzo arratsaldean erantzun zuen. Jeltzaleek azaldu dutenez, azken urteetan hiru izan dira Oinartxo eremuan egin diren lan nagusiak: "Oñeder zabortegia eta altzairu hautsen inertizazio planta istea; Oñederko zabortegia berreskuratzea eta Bernardo Ecenarro enpresa bertan kokatzea". EAJren ustez, bere momentuan Azkoitia Lantzenek lixibiatuen kudeaketa "bere gain hartu" zuelako lortu da hori: "Bestelakoan ez zen Bernardo Ecenarro enpresa Azkoitian egongo".

500.000 euro

2008. urtea bitartean Hierros Eguino enpresa izan zen Oinartxo-Eginoberri zabortegiaren lurren jabea; urte horretan Azkoitia Lantzenek erosi zizkion lurrak, industrialdea egiteko asmoarekin. 82.313 metro koadroko lur garbia, 60.387 metro koadroko lur kutsatugatik trukatu zituzten. Bi aldeek kontratu pribatua egitearekin batera, urte horretan bertan Azkoitia Lantzenek Bernardo Ecenarro enpresari saldu zizkion lurrak. 2009an egin zuten salerosketaren agiri publikoa, eta, baldintza batzuk zehaztu zituzten Azkoitia Lantzenek eta Hierros Eguinok. Agiri hartan 500.000 euroko gastuak zehaztu zituzten kutsatutako lurren tratamendu horiek egiteko. "Horrelako salerosketa kontratuetan argi zehaztu behar izaten da zenbateko kostua izango duen lur horiek garbitzeak, baita hori egitea zenen ardura den ere. Kasu honetan ez zen horrela egin, eta inolako txosten teknikorik gabe lur horiek garbitzeak eta mantentzeak 500.000 euroko balioa zuela ezarri zuen Asier Aranbarrik, eta Azkoitia Lantzenen gain hartu zuen lur horiek garbitzeko ardura", dio EH Bilduk. Behin betiko epaia urte luzez luzatu da. 2013an, esaterako, Azkoitia Lantzenen alde egin zuen Azpeitiko Lehen Auzialdiko epaitegiak, baina Hierros Eguino enpresak berehala jarri zuen helegitea. 2,5 milioi euro horiek ez dira, halere, Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera Azkoitia Lantzenek ordaindu beharko duen kopuru bakarra. "Hemendik aurrera, 30 urte inguruan, 5 eta 15 milioi artean beharko dira txosten desberdinen arabera lixibiatuak tratatzeko", gehitu zuen koalizioak. Horrez gain, beste 2 milioi euro jarri ditu mahai gainean EH Bilduk: "Aipatu ditugun garbitze gastuez gain, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak egindako 2010eko fiskalizazio txostenean ageri da, salerosketa operazioarekin 2 milioi euro inguru galdu zirela. Ez al da diru gehiegi?".

Herriaren "onurarako"

EAJk oharrean aitortu du lixibiatuen kudeaketa Azkoitiko Udalak bere gain hartzeko aukera. Jeltzaleen ustez, hala ere, Oinartxo eremuaren kudeaketa ekonomikoa "onuragarria" izango da bere osotasunean: "Gure uste apalean inbertsio publikoa ez da aztertu behar epe motzeko errentagarritasun ispilutik bakarrik (horrela balitz hainbat ekipamendu publiko, babes ofizialeko etxe edo zer esanik ez ingurumen, kultur eta gizarte politikak lantzea ez zen posible izango) epe ertain edo luzeko ispilutik baizik. Hala, eremu horrek erakunde publikoei sortutako gastuen aurrean, kontuan hartu behar dira Bernardo Ecenarrok oraindik gauzatu ez duen zabortegiaren erosketa, Oinartxoko industria eremuan egindako hornidura energetikorako lanak, Urrategi bidearen hobekuntzak edo Bernardo Ecenarro enpresaren kokapenak Azkoitiko herriari ekarri dizkion onurak".

Autoa, abenduaren 9koa

Koalizio abertzaleak azalpenak eskatu dizkio Azkoitiko Udal Gobernuari. Azaldu dutenez, 2015eko abenduaren 9an jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak erabakia, eta udalak "ez du orain arte gaiari buruzko informaziorik eman". "Erantzukizunak" ere eskatu ditu EH Bilduk.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide