Panda autoa bidelagun, Maroko zeharkatuko du Jon Zubiaurrek

Ana Abarisketa 2016ko martxoaren 4a

Panda Raid lasterketan parte hartuko du Jon Zubiaurre azkoitiarrak. Bihar hasiko da lasterketa Madrilen, eta Marrakexen bukatuko da.

Jon Zubiaurre 'Apitte' bere Panda autoarekin Azkoitian. (Ana Abarisketa) Motorra du gustuko Jon Zubiaurre Apittek (Azkoitia, 1990). Duela bost urte hasi zen rallyetan parte hartzen, eta ez da gelditu ordutik. Bihar hasiko du bere hurrengo abentura Panda Raid lasterketan parte hartzeko, Joseba Berasategi zegamako lehengusuarekin batera. Madrildik hasi eta Marokoko basamorturantz habiatuko dira, 4x4 Fiat Panda autoa bidelagun dutela. Zegamarra izango da gidaria, eta, azkoitiarra, kopilotua. Panda Raid-en zortzigarren edizioa hasiko da bihar. Madrilen hasita, Marrakexera iritsi beharko dute parte-hartzaileek zazpi egunen buruan, 3.500 kilometro eginda. Halere, ezer gutxi dakite momentuz ibilbideaz: "Road Book bat eta iparrorratza emango dizkigute hasieran, norabidea galdu ez dezagun", azaldu du Zubiaurrek. Nazioarteko 220 Panda auto inguruk parte hartuko dute lehiaketan. Zegamarrak urteberri astean erosi zuen berea, Arrasateko kontzesionario batean. Arrasateko kontzesionario batean. Panda Road lasterketan izen-ematea 1.900 euro ordaindu du bikoteak. Zenbateko horren barruan sartzen da bien ferrya, kanpamentua eta gosari eta afariak.

Ibilbidearen gorabeherak

Argi du Zubiaurrek zerk kezkatzen duen gehien: autoa izorratuta gelditzea. "Ordezko piezak eramango ditugu, baina autoan ez zaizkigu asko sartzen", azaldu du. Ibilbidea gorabeheratsua izateaz gain, temperaturaz ere gogoratuko dira parte hartzaileak: "30 graduren gorabehera izango dugu egunero, egunak beroak dira han, eta gauak, berriz, hotzak".

40 kilo eskola material

Panda Raid lasterketa solidarioa ere bada. Auto bakoitzak 20 kilo eskola material eraman behar ditu gutxienez. Azkoitiarrak 40 kilo biltzea lortu du: "Hirugarren egunean Atlasean egongo gara. Hango gobernuz kanpoko erakundeek eskualdeko tokiren batera bideratuko gaituzte, baina oraindik ez dakigu nora". Bikote gipuzkoarrak ahoko garbitasunarekin lotutako material dezente lortu du, baita manta edota lo zakuak ere. Aurreneko postuetan helmugaratzen direnek ez dute saririk jasoko. Horixe da lasterketaren beste berezitasunetako bat: "Helburua ez da irabaztea, erregulartasuna mantentzea da lasterketaren filosofia".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide