Azkoitia eta Urretxu arteko errepidean hirugarren erreia egingo du Aldundiak

Ana Abarisketa 2016ko mar. 3a, 13:00

Lanak 2018an hastea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Aintzane Oiarbide diputatua eta Javier Zubizarrea alkatea, gaur, Azkoitiko udalaletxean. (Ana Abarisketa) Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko hirugarren erreia egiteko proiektua garatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, Azkoitiko Udalarekin elkarlanean. Proiektua idazteko oinarriak azaldu dizkio gaur Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Javier Zubizarreta alkateari, Azkoitiko udaletxean. Aldundiaren helburua da aurten idaztea behin betiko proiektua. Bileraren ondoren, agerraldia egin dute biek azalpenak emateko. Argitu dutenez, Azkoitiko Udalak errepidea hobetzeko eskaera egin zuen joan den irailean, eta, ordutik, bidearen azkerketa egiten aritu da Aldundia. "Denon helburua da errepideko segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea, batez ere, Zumarragako ospitaleari begira", esan du Oiarbidek. Azkoitia eta Urretxu arteko errepideak hamahiru kilometro ditu, eta zirkulazio handia jasaten du egunero, kamioiak tarteko. Ondorioz, aitortu dute "oso zaila" izaten dela ibilgailu batek bestea aurreratzea. Proiektu berriak ibilbidea hobetu nahi du, eta aurreratzeak egiteko errei bat egingo dute. Aldaketa horrek errepide horrek gaur egun duen arazo "nagusia" konponduko luke Bide Azpiegituretako diputatuaren iritziz. Horretaz gain, "gaitasuna" eta "segurtasuna" hobetuko lirateke, bidaiaren denbora murrizteaz gain. "Espero dugu laster proiektua martxan jartzea", gehitu du Oiarbidek. Lan horiek ez dute eraginik izango bidegorrian, ezta Ibai-Eder eta Barrendiola hodian ere. Teknikoen arabera, "errepide horretan ezkerretara dauden bihurguneetan biraketak" hobetzea lortuko litzateke, gainera.

Aurreneko zatia, 2018an

Proiektua hiru zatitan banatzea proposatu dute oinarrizko txostenean. Horietako bat, Azkoitian hasi eta Aizpurutxo auzoan bukatuko da, eta, beste biak, Aizpurutxon hasi eta Urretxun amaitu. Hiru zati horiek "faseka" egingo dituzte, eta, helburua da 2018an hastea lanak Azkoitia eta Aizpurutxo artean. Izan ere, Aldundiaren lehentasuna da orain, Antzuola eta Bergara arteko errepidea egitea, eta horretara bideratuko du 2017ko aurrekontuen zati handi bat. Halere, obrak agintaldi honetan hastea aurreikusten dute. Proiektuak 23 milioi euroko aurrekontua izango duela aurreikusten du erakundeak. GI-631 errepidea hobetzeko azken saiakera 2010ean egin zen. Orduan, 170 milioi euroko aurrekontua zuen proiektua proposatu zuen Aldundiak. «Egun ezin da errepideetara horrelako dirutza bideratu», gehitu du hark.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide