Lagun arteko desafioak girotuko ditu Martirietako jaiak etzi, Azkoitian

Ana Abarisketa 2016ko martxoaren 3a

Azkoitiko Martirieta auzoko zaindari Emeterio eta Zeledonio martirien eguna da gaur. Etzi jarraituko du festak, Itzeder Arrizabalaga eta Joxe Jabier Lorenzoren arteko desafioarekin.

Herri kirolak iazko Baztarrikaldeko jaietan. (Ane Olaizola) Festetako egitarau oparoak antolatu dituzte Azkoitiko Martirieta eta Baztarrikalde auzoetan datozen egunetarako. Martxoko aurreneko egunekin batera iritsi dira Emeterio eta Zeledonio jaiak Martirietera. Gaur da jaien egun handia, hain justu, eta hamaiketako ederrarekin ospatuko dute bertaratuek, goizetik eguerdira bitartean. "Festak larunbatera arte luzatzea erabaki genuen, jende gehiago erakarriko genuelako", azaldu dio Hitzari Itzeder Arrizabalaga auzotarrak eta festen antolatzaileak. Hain justu, bera izango da larunbat arratsaldeko protagonista nagusienetako bat, Joxe Jabier Lorenzo kuadrillakoarekin batera. Arratsaldeko bosteratako prestatu dute desafio bitxi bat: Azkoitiko gasolindegitik hasita Martirietara igoko da korrika Lorenzo, eta, bien bitartean, hiru enbor moztu beharko ditu Arrizabalagak auzoan bertan. Gabon aurreko kuadrillako afari batean hasi omen ziren elkar xaxatzen, apustuak tarteko. Gero erabaki zuten desafioa Emeterio eta Zeledonio asteko larunbatera pasatzea, "auzoko festak indartzeko". Ordutik orain arte, auzo elkartekoen laguntza izan dute antolatzaileek. Desafioari begira, lehia "parekatua" izango dela uste du hark: "Ez dakit nork irabaziko duen, baina dena emango dugu biok". Desafioarekin eguna hasi besterik ez da egingo etzi Martirietan. Atzetik etorriko dira herri kirolak, trikipoteoa, afaria eta erromeria eguna argitu arte. "105 lagun inguruk izena eman dute afarirako, eta hamabi arkume erreko ditugu", dio auzotarrak.

Baztarrikalden ere jaiak

Herrira itzulita, igandera arte luzatuko dira Baztarrikaldeko jaiak, bihar hasita. Larunbat arratsaldea umeei bideratuta egongo da, eta jolasak eta txokolatada prestatuko dituzte. Iganderako, berriz, asto proba antolatu dute goizerako, eta, arratsaldean, zaldi proba egongo da, hiruna animalik parte hartuz. 17:30ean hasiko da jada tradizio den VII. Joxe Astarbe Saria.

Egitaraua

Martirieta Gaur, martxoak 3. 11:30. Meza nagusia. Ondoren, hamaiketakoa bertako trikitilariek girotuta. Salda doan egongo da. Martxoak 5, larunbata. 17:00. Joxe Jabier Lorenzo korrikalariaren eta Martirietako Itzeder Arrizabalagaren arteko desafioa. Ondoren, herri kirol erakustaldia aizkolari eta harri-jasotzaileekin. Aizkolariak: Mikel Larrañaga, Eneko Otaño eta Julen Alberdi Uzin Txikia. Harri-jasotzaileak: Jon Unanue Goenatxo III.a, Martin Mendizabal eta Xabier Aranbarri Guzta. Ondoren, triki-poteoa. 20:30. Afaria. Ondoren, erromeria Kupela taldearekin. Goizaldean baratxuri zopa egongo da. Baztarrikaldea Bihar, martxoak 4. 22:30. Mus txapelketa, Orion elkartean. Martxoak 5, larunbata. 16:30. Umeen jolasak eta txokolatada. Martxoak 6, igandea. 12:00. Asto probak. 17:30. Zaldi probak. VII. Joxe Astarbe Sariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide