Gorka Moreno (soziologoa): "Politikariek elkabizitza sustatu behar dute"

Ana Abarisketa 2016ko martxoaren 2a

Ikuspegiko eta EHUko irakaslea da Gorka Moreno soziologoa eta estereotipoak izango ditu hizpide bihar, Elkargunean. "Etorkinak gelditzeko etorri dira, gure gizartearen errealitatea da hori", dio.

Gorka Moreno Gorka Moreno Ikuspegi Immigrazioaren Behatokiko zuzendaria denak hitzaldia emango du bihar, Azkoitiko Elkargunean, 19:00etatik aurrera. Immigrazioarekiko estereotipo eta aurreiritziak. Zer da egia? gai hartuta ariko da solasean. Estereotipoak eta etorkinak izango dituzu hizpide bihar Elkargunean. Aurreiritzien inguruko gogoeta ere izango al da? Estereotipoak, aurreiritziak... dena nahastuta dago. Etorkinen inguruko aurreiritzi asko ditugu, eta horri buruz hitz egingo dut Azkoitiko hitzaldian. Solasaldi bat izatea nahiko nuke, entzuleari bere iritzia emateko aukera emanez. Gustatuko litzaidake, baita ere, entzuleek euren iritziez gogoeta bat egitea. Gai asko landuko eta ukituko ditugu hitzaldian. Zeintzuk dira etorkinen inguruan zabalduenak dauden estereotipoak? Mota desberdinetako estereotipoak aurkitu ditzazkegu gizartean. Horietako bat da, esaterako, asko direla eta nolabaiteko inbasioa ematen ari direla azpimarratzen duena. Immigrazioa delinkuentziarekin lotzen duena litzateke beste estereotipoetako bat, edota, gizarte laguntzei lotutakoa. Azkeneko hori da, hain justu ere, min gehien edo oihartzun handiena duen estereotipoa. Estereotipoei aurre egiteko datuak erabili dituzu? Datuak erabiliko ditut jakinda askotan estereotipoak sabelean kokatzen direla, eta, datuak, berriz, buruan. Horrekin esan nahi dudana da, hitzaldira aurreiritzi askoko entzuleak etortzen badira, ez dudala lortuko horien jarrera aldatzea. Etorkinen inguruko diskurtso denak ez dira berdinak. Diskurtsoen azterketa egiterakoan askotan hitz egiten da akatsik gabeko diskurtsoaz eta bihotzgabeaz, muturrekoak dira biak. Akatsik gabekoan etorkinen aldeko hainbat diskurtso sartuko lirateke. Horiek diote, esaterako, gutxi direla edota guztientzako tokia dagoela, haiek esplotatuta daudela eta gu, berriz, arrazistak garela. Hau da, gu gaiztoak gara eta haiek onak dira. Beste diskurtsoa kontrakoa da, muturrekoa. Horiek diote etorkin gehiegi dagoela, gure baloreak arriskuan jartzen dituztela edo ez dutela integratu nahi. Txanponaren beste aldea litzateke. Zer sortzen du muturreko bi diskurtso izate horrek? Elkar elikatzen dira bi diskurtsoak. Neurotikoen aliantzaz hitz egiten da. Gertatzen dena da, diskurtso batek bestea elikatzen duela, ahuldu beharrean. Estereotipoez hitz egiten dugunean, zentzuzko diskurtsoa erabili behar dela uste dut. Estereotipoek kalte handia egiten al dute gizartean? Galdera horren aurrean premisa bat dut nik: etorkinak gelditzeko etorri dira. Krisiarekin ez dira beraien jaioterrietara itzuli, beraz, gure gizarteko errealitatea bat da. Hemen daude, aniztasuna etorri da, eta hori kudeatu beharra daukagu. Argi dago estereotipoei aurre eginda gizarte kohesionatuagoa lortuko dugula, eta gizarte batentzat hobe da elkartasun hori sustatzea. Horixe da, hain justu, arduradun politikoek bultzatu behar dutena, elkarbizitza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide