Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo, osteguna, trikiti doinuz lagunduta eman zioten azken agurra Eugenio Alberdi Zabaletari (Azkoitia, 1928). Izan ere, hileta elizkizunaren ostean hainbat trikitilari elkartu ziren Azkoitiko parrokiaren atarian, Zabaleta trikiti piezaz agurtzeko.
Herenegun hil zen Zabaleta, 87 urterekin. Urrategi auzoko Zabaleta baserrian jaio zen eta Azkoitian bizi zen trikitilaria.
Juanito Garate Maltzetaren auzo berekoa zen Alberdi, eta harekin hasi zen gaztetan erromeriak eskaintzen. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak jakinarazi duenez, “bere inguruko trikitilari ezagunenen arabera, soinu txikiari inork baino hobeto ateratzen zion trikiti airea, berez instrumentu horri zion maitasunaren aiderazgarri”.
Alberdirekin panderoa jotzen Jesus Zialtzeta Bidani motza aritu zen urteetan, eta 1978an Urretxun (Gipuzkoa) omendu zituzten biak. 2003an Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ere omendu zuen Alberdi, beste hainbat trikitilarirekin batera. Elkartekoen arabera, “oso gizon estimatua izan zen trikitiaren munduan; pertsona goxoa izaki, maitatua izan zen”.