Nesken Gomazko Pala Txapelketako finala jokatuko da bihar Gurea pilotalekuan

Ana Abarisketa 2016ko otsailaren 25a

Eliteko kirolarien harteko finala jokatuko da bihar, ostirala, 19:00etatik aurrera, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Guztira bi final jokatuko dira, eta sarrera musu-truk izango da.

Kirolari, antolatzaile eta babesleek parte hartu zuten agerraldian, Gurea pilotalekuan. (Ana Abarisketa) Euskal Herriko Emakumeen Gomazko Pala Txapelketako finala jokatuko dabihar, ostirala, Azkoitiko Gurea pilotalekuan, 19:00etan. Eliteko txapelketako finalean honako bi bikote hauek lehiatuko dira: Garazi Aizmendi eta Nagore Martin Ainhoa Garmendia eta Laura Saezen kontra. Lehiaketan zehar zortzi bikotek parte hartu dute, Hego Euskal Herriko hamasei pilotari onenek. Horretaz gain, Euskal Herriko Irekiko lehen mailako finala ere jokatuko da bihar, eta bederatzi bikotez osatutako txapelketari emango diote bukaera. Final handiaren berri emateko agerraldia egin dute gaur arratsaldean antolatzaile, babesle eta kirolariek, Gurea pilotalekuan bertan. Patxi Jauregi Euskal Herriko Pilota Federazioko presidenteak hartu du hitza lehendabizi: "Pilotak ez du logikarik Azkoitia aipatu gabe". Jauregik azaldu duenez, "elkarlana" proposatu dio Azkoitiko Udalak federazioari, herrian pilota sustatzeko. "Elkarlan hori sustatzen jarraitu nahi dugu, eta espero dugu aurrera begira ere ekimen gehiago antolatzea", azaldu du hark. Jauregik aitortu du, emakumeen artean jokatzen den txapelketarik garrantzitsuena dela Gurean bihar jokatuko dena. "Munduko txapeldunak tartean izaten dira, eta kirolarien mailari begiratuz gero, ez dago hoberik momentu honetan". Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak pilota eta emakume pilotariak goraipatu ditu. "Pilotak izena eta izana eman dio Azkoitiari, izan ere, pilotarien sehaska bezala ezagutzen da gure herria. Pilotalekua guztion etxea da, eta esanhai zabala du», esan du alkateak. Horretaz gain, 20. hamarkadan jaioterria utzi, eta Ameriketara jokatzera joan ziren emakume kirolariak izan ditu gogoan, rakestistak bezala ezagutzen zirenak: "Emakume pilotarioi zor dizuegu aberastasun guzti horri jarraipena eman izana". Final handiarekin hitzordua 19:00etatik aurrera hasiko da, eta pilotalekurako sarrera doan izango da. Euskal Telebista ere Azkoitian izango da, eta larunbat goizean botako dituzte bi partidak, 12:00etan.

Emakumeen kirola

Berria egunkariak babestutako  txapelketa da bihar, ostirala, Azkoitian jokatuko dena. Euskal egunkariak urteak daramatza pilota babesten, Andoni Alvarez egunkariko ordezkariak azaldu duenez. "Ikusi genuen gabezia bat genuela, gizonen pilota babesten genuen, baina emakumeena sustatzea falta zitzaigun. Euskal Herriko Pilota Federaziotik aholkatu ziguten, martxan dagoen txapelketa bat babestea hobeto zela, eta halaxe egin genuen", azaldu du Berriako kideak. Bukatzeko, herriz herriko pilota elkarteek egiten duten lana eskertu du federazioak, Azkoitiko Oteiza Elkarteko kideak tarteko. "Berain borondatezko lan hori gabe ez litzateke pilotarik izango gaur egun", eskertu du Jauregik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide