2015eko Folk emanaldia, Taldez Talde jaialdiaren barruan. (Bizkargi)
Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak hamazazpigarren Taldez Talde musika jaialdia antolatu du. Igandean hasi, eta beste bi asteburuz luzatuko da egitasmoa; otsailaren 28an, martxoaren 6an eta 13an egingo dituzte emanaldiak, hain justu. Eguerdiko ordubatean hasiko dira saio guztiak, ordubete ingurukoak.
Musika eskoletako filosofiari eutsiz, talde lana sustatzeko sortu zuten jaialdia duela hamazazpi urte. "Musika komunikazio tresna bat da, eta herritarrengana itzuli behar du. Ez daitezela musikariak etxeko logelaren ate atzean gelditu", azaldu dio Hitzari Mari Jose Arregi eskolako zuzendariak. Ikaslearen lana bakarkakoa bada ere, taldean partekatzea aberasgarria dela dio hark.
Taldez Talde jaialdian musika mota ezberdinak lantzen dituzte. Igandeko aurreneko saioa, adibidez, euskal musika tresnei eta dantzari bideratuta dago, eta
Folk izenez ezagutzen dute eskolan ekitaldia: "Euskal musika tresna gehienak dantzarekin lotuta daude, eta horretan oinarrituko gara igandean".
Hilean behin, entzunaldia
Taldez Talde jaialdia ez da Bizkargik urtean zehar herritarren aurrean antolatzen duen emanaldi bakarra. Hilean behin entzunaldi bat egiten dute ikasleek Elkarguneko Oteiza aretoan, senideek aurrerapausoak ikus ditzaten. Horrez gain, eta behin musika tresna jotzen oinarrizko maila lortutakoan, taldean lan egiten hastera bultzatzen dituzte. Horretarako sortu dute orkestra eskolan. Musika mota ezberdinak jorratzen dituzte, lantzeko "errazak" direnak. "Aberasgarria izaten da beraientzat, musika tresna desberdinak elkartzen dira-eta", dio Arregik.
Jaialdiaren bigarren saioan, martxoaren 6an, Bizkargiko orkestrak eta herriko musika bandak parte hartuko dute. "Bakoitzak bere partetik jotzen du hasieran, eta bukatzeko bi taldeek batera joko dute, hiru bat pieza denera, gutxi gorabehera", dio.
Beste taldeekin lanean
Badira urte batzuk Bizkargi Musika Eskola herriko beste talde batzuekin elkarlanean hasi zela. Horietako bat da Iraurgi Abesbatza, duela hamar urte inguru hasi ziren elkarlana mamitzen. Martxoaren 13ko hirugarren eta azken emanaldian batera egingo dute saioa, eta bateko zein besteko abesbatzak arituko dira kantuan.
Jaialdiaren barruan, 6 urtetik gorako ikasleek hartuko dute parte. Kontzejupeko oholtzan 60 ume inguru elkartuko dira saio bakoitzean, gutxi gorabehera.
Bizkargi Musika Eskolak Elkargunean duen eraikin berria joan den urteko urtarrilean inauguratu zuten, eta 500 bat ikasle ditu egun. 0 eta 2 urte bitarteko haurretatik hasi, eta adinekoentzat bitarteko eskolak ematen dituzte. "Bakoitzaren beharren arabera moldatutako eskolak ditugu zorionez", azaldu du zuzendariak.