Zazpi Kurutze antolatzeko bilera deitu du Anaitasuna Mendi Bazkunak

Ana Abarisketa 2016ko otsailaren 23a

Anaitasuna Mendi Bazkunak bilera egingo du bihar, ekainaren 12ko Zazpi Kurutze martxa antolatzen hasteko. Klubak talde bat osatu nahi du horretarako.

Zazpi Kurutze mendi martxa, 2012. urtean. (Anaitasuna Mendi Bazkuna) Bi urtetik behin egiten den Zazpi Kurutze mendi martxa antolatzen hasteko bilera deitu du Anaitasuna Mendi Bazkunak bihar iluntzerako. Beti bezala, ekaineko bigarren igandean egingo da mendi ibilbidea, ekainaren 12an. «Klubak antolatzen duen irteera kuttunena dela esan daiteke, zaharrena ere bada», esan du Manu Larrañaga Anaitasunako kideak. Bilera 21:00etan hasiko da, Anaitasunaren lokalean bertan, –Kale Nagusia,62–. Zazpi Kurutzeren 22. urtea izango da aurtengoa. Duela lauzpabost urte hasi ziren klubean Anaitasuna eraberritzen, lana egiteko modua aldatuz. Ordutik, zazpi lagunek osatzen dute zuzendaritza-batzordea, eta ekintzak antolatzeko autonomia osoa duten taldeak sortu dituzte. Eski irteerak antolatzen dituen taldea dute, esaterako, edota eskaladakoa. Txirrindularitza taldea ere sortu dute beste kide batzuek, eta bizikleta mendi martxa ari dira antolatzen aurrenekoz, iraleren 18rako «Taldeak arduratzen dira dena antolatzeaz, eta guk bestelako laguntza ematen diegu, ekonomikoa da horietako bat», azaldu du Larrañagak.

55 kilometro denera

Zazpi Kurutze martxan inguruko mendiak zeharkatzen dituzte parte-hartzaileek, eta 55 kilometrotako ibilbidea egiten dute. Igandean 04:00etan abiatzen dira Azkoitiko plazatik, eta handik Erlo, Attola, Sargoate, Hirukurutzeta, Izaspi, Irimo eta Oleta zeharkatuko dituzte, berriro plazara iritsi arte. Partaideek denbora tarte jakin bat izaten dute gurutzera iristeko, eta han zigilua jartzen diete. 300 eta 400 lagun inguruk parte hartzen duten martxan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide